Zerbitzu energetikoak

    Zerbitzu energetikoak

    2012tik 2023ra arte, Visesak Zerbitzu Energetikoak emateko jarduera egin zuen ZEE modura (Zerbitzu Energetikoen Enpresa), Salburuan (A-027) salmentan zeuden babes ofizialeko 242 etxebizitzen eta Laudion (A-030) 29 etxebizitza sozial eta 174 etxebizitza babestu sustapenen jabekideen erkidegoentzat; Hiru eraikinek A energia-kalifikazioa dute, eta efizientzia handiko mikro-kogenerazio sistemak dituzte (beroa eta elektrizitatea aldi berean sortzeko), baita eguzki-fatxada fotovoltaiko bat ere, Salburuako (Vitoria-Gasteiz) 171 etxebizitza sozialen A-032 sustapenean.

    Energia-faktura minimizatzeko, etxebizitza babestuen jabeei kudeaketa errazteko eta jabeei sustapena eman ondoren ingurumen-inpaktua murrizteko, Visesak instalatutako kogenerazio-ekipoen titulartasunari eutsi zion, galdara-aretoaren eragiketa eta mantentze integrala kudeatuz, bai eta berokuntza eta ur bero sanitarioaren hornidura egokia kudeatuz ere.

    Ezarritako sistemei esker, Jabeen Erkidegoek honako hau egin dezakete:

    • A kalifikazio energetikoa lortzea (CO2 emisioak eta energia primarioaren erabilera murriztea), hasierako inbertsioaren kostua mantenduz.
    • Elektrizitatea “in situ” ekoizten denez, garraioan galerak egotea saihesten da eta hondar-beroa aprobetxatzen da, galdaretan gasa kontsumitzea saihestuz.
    • Errentagarritasun ekonomikoa areagotzea (gaininbertsioaren itzulera-tasa 40 urtetik 10 urtera igarotzen da), galdara-gela hazi gabe eta teilatuak libre utziz, eguzki-energiarako sistemen instalazioa egiten ez delako. Saldutako energiagatik instalazioetan sortutako geldikinari esker, maila ekonomikoan ere jasangarriagoak dira.
    • Jasangarritasun soziala: urtero elkargoei jakinarazten zaie instalazioen funtzionamendu eta errendimendua zein den, eta horri esker partaideak dira eta energia kontsumitzeko ohitura kontziente eta jasangarriak sortzen laguntzen da.

    Urtero 445 etxebizitzen berokuntzaren eta EUBaren hornidura-kontratuak kudeatu dira. Gainera, 2013. urtetik, Salburuan (Vitoria-Gasteiz) alokairuko 171 gizarte-laguntzako etxebizitza dituen eraikineko eguzki-fatxadak sortzen duen elektrizitatea kudeatu da saltzeko.

    Jarduketaren alderdi berritzaile nagusia da erakunde publikoak bere gain hartzea Zerbitzu Energetikoen Enpresaren rola, eraikinean instalatuta dauden sistemen efizientzia maximizatzeko. Aldi berean, etxebizitza publikoko erabiltzaileei hornidura energetikoak lortzearekin zerikusia duten gestioak erraztu dizkie.

    Jabeen komunitateei begira, kudeaketa energetiko osorako eta instalazio termikoen mantentze-lanetarako (galdara-gela, banaketa-zirkuituak eta kontrol-taulak/banako kontagailuak) Visesaren kontratuak honako ezaugarri hauek zituen:

    • Galdara-gelarako behar diren hornidurak erosten dira (gasa, ura eta elektrizitatea).
    • Adostutako ordutegien barruan etxebizitzetan berokuntza eta EUBa hornitzen da, eskatzen diren erosotasun-mailei eusteko.
    • Instalazioak mantentzen dira behar bezala funtzionatzen dutela bermatzeko.
    • 24 orduko eskuragarritasunez, matxurak konpontzen dira.
    • Komunitatearen kobrantzak kudeatzen dira, etxebizitza bakoitzeko banatuta eta bizilagunentzako prezio onuragarriekin.
    • Urteko txostenak aurkezten dira sistema ustiatzeari dagozkion kontuekin, inbertsioaren amortizazioa, saihestu diren CO2ren isuriak eta, hala baleude, komunitateentzako irabaziak barne.

    2022 eta 2023an Zerbitzu Energetikoak emateko jarduera itxi eta instalazioen titulartasuna komunitateei itzultzeko prozesu mailakatua egin zen; prozesu horretan, Visesak laguntza eman zien komunitateei, eta horiek, kudeaketa energetikoari dagokionez, independente bihurtu ziren.