Industrializazioa
Industrializazioa
Industrializazioa - Proyectos
Eraikuntza-prozesuak industrializatzea aukera gomendagarria da, eraikuntzaren sektoreak aurre egin beharreko erronka nagusiei erantzuteko.
Gaur egungo egoeraren ondorioz (lan-indar kualifikatu gutxi, lehengaietan prezioen gerra, arazo energetikoak, jardueran deskarbonizatu beharra…), sektorean egiturazko erreformei heldu beharra dagoela argi dago.
Industrializazioa eta digitalizazioa funtsezko tresnak dira egoera horri eta gizartearen gero eta eskaera handiagoei erantzuteko: kalitate handiagoa, gastuan euspen handiagoa, energia-efizientzia handiagoa, kontsumoak murriztu eta entregako epeak ere murriztu, besteak beste.
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak (lehen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila) Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala 2022-2036 sustatzen du, merkatu librean etxebizitza lortzeko zailtasunak dituztenek etxebizitzarako eskubidea egiaz betetzeko konpromiso partekatua. Itunaren jarraibideetan sartzen dira, eraikuntza-sektore erakargarria, lehiakorra eta berritzailea sustatzea, sektorean gaikuntza eta talentuaren garapena eta berrikuntza-proiektuak bultzatuz, eta emakume gehiago sartzea ahalbidetuz. Estrategiak berariazko eragina du sektorearen industrializazioan.
Bestalde, 2021-2023 aldirako Etxebizitzaren Gida Planak ere eraikitako parkearen balore eta jarduteko printzipio gisa jasotzen ditu industrializazioa eta digitalizazioa eta zehatz adierazten du ekintzako ildo estrategikoa dela eraikinetako eraikuntza-prozesuen industrializazioa sustatzea ikerketako, berrikuntzako, prestakuntzako eta aplikazio operatiboko ekimen zehatzen bidez (2.3.1.7 Ekintza estrategikoa).
Ildo horretan, Visesako kideok Industrializazio Plan bat sustatzen ari gara, 2022-2036 ibilbide-orria duena, alokairuko parke publikoaren industrializazio mailakaturantz aurrera egiteko.
Helburu nagusiak honako hauek dira:
- Eraikinak, etxebizitzak eta horien ekipamenduak optimizatzea.
- Erabiltzaileei etxebizitzak entregatzeko epeak murriztea.
- Etxebizitzaren malgutasuna erraztea, gizartearen eskari berrietara egokitzeko.
- Laneko ezbehar-tasa murriztea.
- Sektoreko lan-baldintzak hobetzea eta inklusioa sustatzea.
- Materialen kontsumoa eta hondakinen ekoizpena murriztea, jatorrian eta helmugan.
- Sustapenaren ingurumen-eragina minimizatzea, eraikinaren bizi-zikloan.
- Eraikineko osagaien berrerabilera hobetzea.
- Bizi-zikloan kostuak murriztea.
- Eraikinaren bizitza erabilgarrian gorabeherak murriztea eta izaten direnen kudeaketa erraztea, kalitate-kontrola hobetzeari eta obrako unitateen estandarizazioari esker, etorkizunean berrerabili edo birziklatu egin ahal izango baitira eta horrela itxi ziklo ekonomiko eta ekologikoa.
- Prozesu osoaren digitalizazioa, hobeto kudeatzeko.
- Ezagutzaren dibulgazioa.
Sektorearen eraldaketarako eta eredu aldaketarako (eraikuntza tradizionaletik industrializatura), zerikusia duten eragileek beharrezko ezagutzak eta konpetentziak eskuratu behar dituzte paradigma berriari konfiantzaz aurre egin ahal izateko, eszeptizismoz egin ordez. Horretarako ezinbestekoa da ahalegin dibulgatibo garrantzitsua, eta erreferentziazko dokumentuak, esperientziak eta interesak partekatzea funtsezkoa izango da proiektu- eta eraikuntza-arloko prozesuak ulertzeko moduan disrupzioak dakarren mentalitate-aldaketa bultzatzeko.
Intereseko proiektuak:
Sopela-Asu – Elkarrizketa lehiakorra prozesu eta sistema industrializatuen ikerketarako, alokairuko babes ofizialeko 33 etxebizitzaren (BOEa) proiektua idatzi eta zuzendaritza fakultatiboa eta gauzatzea kontratatzeko Sopela-Asun, Bizkaia (2022-2025).
Elkarrizketa Lehiakorraren bidez egindako Berrikuntzaren Erosketa Publiko honi esker, merkatuan eskura diren irtenbide berritzaileen analisia eta konparatiba egin ahal izan da eta zenbait teknologia (2D eta 3D) eta material (altzairua, zura, hormigoia) erabili ahal izan dira.
Prozesu horren ikerketa-lerroa amaitzeko, Etxebizitza Sozial Industrializatuaren Liburu Zuria argitaratuko da, Eraikal 2022 (V. ildoa: eraikuntza-prozesuak industrializatzea) programaren baitan hautatutako proiektua.
Teknologia irabazlea altzairuzko 3D moduluetan oinarritzen da, industrializazio maila altuarekin eta ingurumen-inpaktua minimizatuta, eraikuntza tradizionalarekin alderatuz gero. Gauzatzeko aurreikusitako epea 13 hilabetekoa da, hau da, ohiko epeak baino askoz laburragoa.
Ekimenak “Advanced Architecture Award” saria lortu du Rebuild 2023 biltzarrean.
Hondarribia – Energia-kontsumo ia nuluko eraikinaren proiektua, zurean egindako sistema industrializatuetan eta eraginkortasun energetiko handian oinarrituta (2016-2018)
Proiektu hau gainerako eraikinekin alderatuta berezia eta aitzindaria izan zen EAEn, izan ere, barneko horma, fatxada, solairuetako forjatu eta estalkietan egur kontralaminatuzko panelen (CLT) sistema erabili da, baita igogailu-zulo eta eskaileretan ere; eta energia-kontsumo ia nuluko eraikina delako ere bai (A ziurtagiri energetikoa).
Proiektua gauzatzeko, babes publikoko 65 etxebizitza 2 bloketan banatuta eta erdian plaza publiko batekin, Visesak obrako lizitazioaren baldintzetan modu jasangarrian ekoitzitako egurra erabili behar zela ipini zuen (V-038 EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida), FSC, PEFC edo antzeko baso-ziurtagiria baloratuko da, zura ekoizteko tokiari eta ondorioz, garraioari, lotutako inpaktua minimizatzeko neurri gisa.
Bere garaian Europako SUDOE eskualdean eraikitako zurezko eraikinik handiena izan zen.
UPV-EHUrekin hitzarmena, etxebizitzen industrializazioari buruzko azterlana, dibulgazioa eta ikerketa egiteko Visesako sustapenetan ezartzeko proposamenekin (2011-2012)
IDFABRIK: argitalpena, hitzarmenaren esparruan garatua, une hartako etxebizitza babestuaren industrializazioaren egoeraren azterketa eta egindako ikerketa-lanaren emaitzak ditu.
Industrializazioa altzairuan egiteari buruzko azterketa (2010)
Analisi estrategikoa, Arcelor-LKS Ingeniería-Tecnaliarekin elkarlanean garatua, EAEko babestutako etxebizitzen sustapenetan altzairuan oinarritutako eraikin industrializatuak ezartzearen bideragarritasuna ebaluatu ahal izan zen.
Zabalgana – Hormigoian aurrefabrikatutako egiturazko elementuekin 156 etxebizitza sozial egiteko proiektua (2007-2009)
Sustapenean egitura eta itxitura industrializatuekin proiektatu zen eraikina (3 solairuko zutabeak, tirante metalikoekin zurrundutako portiko isostatikoak eta forjatuko konpresio-geruza). Eraikuntza-sistemaren prozesua industrializatzen da eta material eta energia kontsumoa minimizatzen da, amaierako akaberak berme handiagoak izaten ditu eta obrako lan- eta segurtasun-baldintzak hobetzen dira.
Etxebizitza-eraikinen egituren sistema aurrefabrikatuen ikerketaren eta 2004an Zabalganako (Vitoria-Gasteiz) 156 etxebizitza sozialen sustapenean egindako ezarpenaren emaitza da proiektu hau.
Etxebizitza eraikinetako egituraren sistema aurrefabrikatuei buruzko ikerketa eta Zabalganan 156 etxebizitza sozialen sustapenean ezartzea (2004)
content