Digitalizazioa
BIM
BIM
Zer da?
Building Information Modeling (BIM) sustapen bat sortzeko eta kudeatzeko elkarlaneko metodologia bat da.
Helburua da proiektuaren, obraren eta eraikinaren erabilera-fasearen informazio guztia zentralizatzea prozesuan parte hartzen duten agente guztiek sortutako informazio digitaleko eredu batean, Bizi Zikloaren ikuspegia erabiliz.
Onurak
- Eraikuntza-prozesuen emankortasuna eta efizientzia hobetzea.
- Eraikinen kalitatea eta jasangarritasuna areagotzea.
- Koordinazioa eta erabaki-hartzea optimizatzea.
- Egikaritze-kostuak murriztea, eta kudeaketa eta mantentze-lanak sinplifikatzea.
- Esfera publikoari dagokionez, BIMen erabilera sustatzeak sektorea goitik behera aldatzeko palanka gisa balio du, “goitik beherako” lidergoa txertatuz.
Nola?
- Elkarlanaren bidez, erabakiak hartzeko bizkortasun handiagoa.
- Akatsak eta gatazkak goiz detektatu eta obrako zehaztugabetasunak murriztuz.
- Zeregin errepikakorrak kentzea.
- Datu bakarra, beti eskuragarri, eguneratu eta egiaztatua.
- Toki berean integratutako aldagaiak: kontsumoak, emisioak, CO2 aztarna, ezaugarri materialak, mantentzeko beharrak, etab.
Visesan ezartzea
Visesak bere ekoizpen-prozesua digitalizatzeko prozesua hasi du, etxebizitza publikoko sustapenak kudeatzeko BIM teknologia txertatuz, beti gainerako agenteekin koordinatuz, hala nola Alokabide eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila. Helburua da proiektuaren informazio guztia zentralizatzea prozesuan parte hartzen duten agente guztiek sortutako informazio digitaleko eredu batean, Bizi Zikloaren ikuspegia erabiliz.
Teknologia Visesan ezartzeko, agiri teknikoak egokitu dira, BIMen erabilerarekin lotutako eskakizunak eta hobekuntzak txertatzea barne; eskakizunak eta kontratu-dokumentuak zentzu horretan bertan egokitu dira; eta lan-fluxu efizientea bermatzeko beharrezko tresna digitalak hedatu dira.
Metodologia hori ezartzeak Visesari ekarriko lekizkion onurak lehenago aipatutakoak dira. Bestalde, BIM teknologia erabiltzeak etxebizitzetako azken erabiltzaileengan eta Alokabiderengan, eraikinen kudeatzaile publikoa den aldetik, izan lezakeen eraginari dagokionez, hainbat onura daude:
- BIMk proiektuak hobeto antolatu eta diseinatzea ahalbidetzen du, eta, ondorioz, etxebizitzak efiziente eta funtzionalagoak izango dira, bertan bizi diren pertsonen behar eta lehentasunetara egokituak.
- 3Dn irudikatzeari eta simulazio birtualei esker, herritarrek eraiki aurretik beren etxebizitzaren gaineko irudi argi eta errealista izango dute; hala, erabaki-hartzea errazten da, eta ziurgabetasuna murrizten da.
- BIMri esker, sistema eta teknologia aurreratuak integra daitezke etxebizitzetan, hala nola sentsorika eta energetikoki efizienteagoak diren instalazioak. Hala, etxebizitzetan bizi direnen bizi-kalitatea hobetzen da, eta jarduketa-kostuak murrizten dira.
- BIMk eraikuntzaren jarraipen zehatza eta etxebizitzaren bizi-zikloan zehar mantentze eraginkorragoa egitea ahalbidetzen du, epe luzerako eraikinaren iraunkortasuna eta bizigarritasuna areagotuz, baita aktiboaren enpresa publiko kudeatzailearentzako (Alokabide) aurrezkiak ere.
- BIM ezartzean, herritarrek benetako onura nabarmenak jasotzen dituzte, esperientzia asebetetzailea eta beren etxebizitzen kalitatea bermatzen da.
BIM liburua, etxebizitza publikoa Euskadin
Gure lehenengo BIM proiektuak
Salburua (Vitoria-Gasteiz) alokairuko babes ofizialeko 152 etxebizitza (BOEa) (A-031)
Barakaldo: alokairuko babes ofizialeko 108 etxebizitza (BOEa) (B-082)
BMS
Ikuspegi sozialetik, Visesak tresna egokiak eman dizkie eraikinei monitorizatzeko eta kudeatzeko, BMS sistemen integrazioaren bidez (Building Managment System/Higiezinen monitorizazio eta kudeaketa integraleko sistema).
Alokairuko etxebizitza publikoko sustapenek monitoritzatzeko instalazio espezifikoa dute; horren bidez, eraikinaren hainbat parametro erregistratu eta kontrolatu daitezke: baldintza termikoen datuak, EUB eta berokuntzaren kontsumoak, egokitasuneko parametroak eta etxebizitzetako airearen kalitatea (adibidez, CO2 mailak). Modu osagarrian, suteen aurkako babeserako eta argirako instalazio komunitarioetan sentsoreak jartzen dira.
Eraikinaren bizi-zikloan zehar, jarduketa eta mantentze-faseak bereziki garrantzitsuak dira, denboran gehiago luzatzen direlako, eta ingurumen- eta ekonomia-eragin handien gehienak hartzen dituztelako.
Alokabide da fase horietan eraikina kudeatzearen arduraduna, alokairuaren politikaren bidez etxebizitzaren funtzio soziala garatzeko Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publiko gisa. Horretarako, Alokabidek “alokabizi” abiarazi du, alokairuko etxebizitza sozialerako eredu jasangarri, inklusibo eta digitalagoa lortzeko esparru estrategikoa. Estrategia horren baitan, funtsezkoak dira elkarri lotutako honako bi kontzeptu hauek: Biki Digitalak (BIKIA) eta BMS (Building Management System):
Biki Digitala (BIKIA), Alokabidek ulertzen duen moduan, eraikinaren denbora errealeko eredua da; hala, eraikinaren kudeaketaren arduradunek sor litezkeen arrisku-egoerak simulatu, aurreikusi eta gertatu aurretik saihestu ditzakete. Teknologia horrek kontsumo energetikoarekin, irisgarritasunarekin eta alokairuko gizarte-laguntzako etxebizitza babestuko maizterren bestelako beharrekin lotutako arazoak kudeatu eta konpontzea errazten du.
Biki digitaletatik ahalik eta onura gehien lortzeko, beharrezkoa da azpiegitura digital zehatza eta hori kudeatzeko sistema izatea: BMS edo Building Management System.
Biki Digitala eta BMS elkarrekiko lotura estua duten bi kontzeptu dira, funtzioak elkarren artean osatzen direlako. Biki Digitalek eraikinaren irudikapen digital osoa eskaintzen dute, eta, BMS delakoak, ordea, osatzen duten sistemak denbora errealean kudeatu eta kontrolatzeaz arduratzen dira; biak integratuz, eraikinak eraiki eta kudeatzeko ikuspegi holistiko eta efizienteagoa lortzen da. Honako hauek dira osagarritasun horren zenbait gako:
- Datuak integratzea: biki digitalak existitzen diren sistemekin, hala nola BMSekin, integratu ahal dira, eraikinaren sistemen errendimenduari buruzko datuak lortzeko denbora errealean. Horri esker, erabakiak har daitezke informazio osatuagoarekin eta kudeaketa efizienteagoa eginez.
- Simulazioa eta analisia: Biki Digitalek eraikinaren errendimenduaren egoerak simulatu eta aztertu ditzakete, eta simulazio horien emaitzak erabili daitezke BMSak kontrolatutako sistemak hobeto konfiguratu eta efizientzia areagotzeko.
- Eragiketak optimizatzea: Biki Digitalaren informazioa eraikinaren jarduera BMSaren bidez optimizatzeko erabili daiteke; adibidez, Biki Digitalean jasotako datuek prebentziorako mantentze-lanak egiteko edo, energia-efizientzia hobetze aldera, sistemen konfigurazioa doitzeko unea adierazi dezakete.
Era berean, eraikinak automatizatzeari esker, gastu txikiagoarekin erosotasun gehiago lor daiteke, lortutako datuek instalazioak optimizatzea ahalbidetzen baitute, erabiltzaileei nahi diren aurrezkiak lortuz eta energiari buruzko prestakuntza emanez.