Berrikuntza
Elektrifikazioa
Bizitegi sektorea gakoa da munduko kontsumo energetikoan, beraz, iturri jasangarriago eta berriztagarriagoen bidezko kontsumo txikiagoetara egin beharreko trantsizio energetikoa kontuan izan behar du.
Zentzu horretan, Visesa bezalako etxebizitzen sustatzaile publiko baten trantsizioak (“dena elektrikoa” eta berriztagarria ereduan oinarritutako eraikuntza motara) aldaketa-palanka garrantzitsua izan nahi du eta egiazko inpaktua egin nahi du EAEko alokairuko etxebizitza sozial publikoen karbono-aztarna murriztean eta, ondorioz, bizitegi-sektorearen eragina murriztu ere bai maila globalean.
Era berean, paradigma berri honen sorburua etxebizitzaren azken erabiltzaileari prestaziorik hoberenak eskaintzen dizkion ereduari buruzko hausnarketan dago, izan ere, eredu horrek faktura energetikoa txikituko du dagoeneko neurri pasiboetan efizientzia energetiko handia izateagatik eskari txikia duten eraikinetan. Gainera, instalazioetan funtzionaltasuna, sendotasuna eta mantentze txikia izango dira lehentasunak, pertsona talde honen behar bereziei erantzuteko, hori izan behar baita Visesaren ekimen ororen ardatz nagusia.
Eredu-aldaketa honetarako oinarria Visesak sustatzaile publiko gisa egindako hausnarketa-prozesutik sortu da eta Eusko Jaurlaritzaren 2021-2023 aldirako Etxebizitzaren Gida Planean gauzatu da; plan horretan, besteak beste, berariaz aipatzen da “energia-eredua aldatzen jarraitzea eta autonomia-erkidegoetan herritarren ahalduntze energetikoa babestea”. Eta agindu hori betetzeko asmoz, Visesak hitza ematen du Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala 2022-2023 sinatuta ekonomia deskarbonizatura egin beharreko trantsizioa eta “gizarteko eta enpresa-arloko sektorerik zaurgarrienei eskainitako babesa uztartuko dituela, trantsizio hori ekitatiboa izan dadin eta inor ez dadin geratu atzean”.
Sustatutako ereduaren aldaketaren funtsezko xedea da Visesak sustatutako alokairuko etxebizitza publiko sozialen eraikin guztietan hornigai termikoaren (etxeko ur beroa eta berogailua) elektrifikazioa ahalbidetzeko instalazioak jartzea eta energia elektriko berriztagarria in-situ ekoiztea eguzki-panel fotovoltaikoekin. Eraikuntza-parkearen elektrifikazioa arrazoizko aukera dela dirudi, eredu energetiko honek eskaintzen dituen abantailak kontuan izanda. Ereduak bere abantailak gehitzen dizkio Visesaren sustapenetan duela urte batzuetatik finkatutako neurri pasiboei, horiei esker eskari energetikoa murriztu egiten baita: behar adinako isolamendua, fluxu bikoitzeko eta beroa berreskuratzeko aireztapena, estankotasun altua, etab. Horren guztiaren helburua da Visesak sustatutako bizitegi-eraikinek dagoeneko energia-eskari txikia izango dutenez, gero eta energia gutxiago kontsumitzea eta beharrezko gutxieneko energia hori iturri berriztagarrien eta sistema efiziente, funtzional, soil eta mantentze txikikoen bidez lortzea.
Ildo horretatik, eraikinetako sistema nagusien eskari energetikoa asetzeko (klimatizazioa, EUB edo aireztapena eta argia) zenbait irtenbide tekniko eta konfigurazio erabiltzeko aukera duen bektore energetikoa da elektrizitatea, dela ekipo sinpleen bidez (termo elektrikoak eta erradiadore elektrikoak, metaketa dutenak edo ez dutenak) edo errendimendu handiagoa eskain dezaketen ekipo “konplexuagoen” bidez (bero-ponpak: aerotermia eta geotermia), sustapen bakoitzerako kostu-optimo analisiaren arabera eta bizi-zikloaren osoko ikuspegiarekin. Kasu batzuetan fluido termo-eramailearen zirkuituak kentzeak abantaila nabarmenak ekar ditzake, gainera, horien hedapenari eta mantentzeari lotutako eraikuntza-sinplifikazioari eta kostuen murrizketari dagokionez. Ondorioz, eraikinaren bizi-zikloaren kostua hobetzen da, batez ere, eraikitzean, erabiltzean eta mantentzean.
Eredu-aldaketa horren berariazko helburuak honako hauek dira:
- Alokairuko etxebizitza publiko sozialeko parkea sortzea, eraikin berri guztiak energia-kontsumo ia nulukoak direna.
- Kontsumo energetikoen in-situ ekoizpena eta hornikuntza berriztagarria.
- Etxebizitzen erabileraren deskarbonizazioa (CO2 emisiorik ez).
- Kostuak murriztea bizi-ziklo osoan: eraikitzean (enpresa sustatzailearenak), erabiltzean, mantentzean eta berritzean (erabiltzaileenak eta enpresa kudeatzailearenak).
- Ingurumen-eragina murriztea bizi-ziklo osoan: materialak eta fabrikazioa, sistemak, eraikuntza eta instalazioak, erabilera, etab.
- Alokairuko etxebizitza sozialeko parkearen ekoizpena eta kontsumo energetikoa autokudeatzea.
- Atzerriko hornigai energetikoekiko mendekotasuna murriztea eta ondorioz prezioen bariazio arriskuak ere bai. Eraikin erresilienteagoak.
Ingurumen-jasangarritasuna
Visesa lanean ari da etxebizitza publikoa sustatzeko sektorean jasangarritasunaren erreferente izateko; eta hori lortzeko, emaitzak kuantifikatzeko eta hobetzeko adierazle batzuk erabiltzen dira ebaluatzeko orduan.
Sustapena diseinatzeko fasean nahiz gauzatzerakoan jasangarritasunaren adierazle batzuk ebaluatzen dira, Europar Batasunak markatzen dituen helburuekin lerrokatuta, Levels baterako esparruaren bidez. Helburu horiek zehatzak eta kuantifikagarriak dira proiektuaren fasean, jarraipena eta egiaztapena egiten da eraikina amaitutakoan eta aldagaiak sartzen dira erabiltzeko etapan eragina minimizatzeko.
Visesaren ekoizpenaren ingurumen-jasangarritasunaren adierazle nagusiak honako hauek dira:
-
Berotegi-efektuko gasen isurketak bizi-zikloan zehar, energia primario ez berriztagarriaren kontsumoa eta eraikinen eskari energetikoa.
Visesako etxebizitza-sustapen guztien helburua da A etiketa energetikoa lortzea.
-
BZA - Bizi Zikloaren Analisia
Baloratzeko tresna hori erabilita, Visesako sustapenen karbono-aztarna neurtu daiteke eraikinaren bizi-zikloan. Era berean, beste ingurumen-eragin batzuk ere baloratu daitezke: uraren kudeaketa eta kontsumoa, hondakinen ekoizpena eta kudeaketa, sustapenaren eragina lurzoruan eta ur masetan.
Azterketa hori Levels esparruak proposatutako metodologiaren arabera egiten da eta proiektuaren fasean nahiz obra amaitutakoan egin behar da, eta eraikinaren erabilera-etapara eta bizitzaren amaierara arte luzatu.
Garatzen ari den proiektu guztietan ingurumen-eragina ebaluatzen ari da Visesa eta diseinurako alternatibak analizatzen ere bai, eraikinek karbono-aztarna optimizatu eta minimizatu dezaten etapa guztietan.
-
Zirkulartasuna - Materialen bizi-zikloa eta baliabideen erabilera efizientea
Abian diren sustapen guztietan egiaztatzen da, gutxienez, urriaren 5eko 853/2021 Dekretua (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko bizitegien birgaitzearen laguntza-programak arautzen dituena) betetzen dela eta, bereziki eta gainera, honako alderdi hauei erantzuten dietela:
- Birziklatutako materialak erabiltzea
Adierazlearen xedea da berrerabilitako, birziklatutako edo eraikuntzako jardueretan balorizatutako materialak erabiltzea sustatzea. Gutxieneko balio objektiboa % 40an ezartzen da, Euskal Ingurumen Administrazioaren Legeko 84.3 artikuluko eskakizunekin bat.
Adierazle horrek eraikinean erabilitako bigarren mailako material kopuruaren ehunekoa ematen du. Ihobek ezarritako metodologia baten bidez kalkulatzen da; eraikuntzan material birziklatuak erabiltzeko Gidaliburuan dator metodologia hori.
- Hondakinen kudeaketa
Helburua da eraikitzean eta eraistean sortutako hondakinak berrerabiltzea, birziklatzea edo balorizatzea sustatzea.
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen-klausulak txertatzeari buruzko 1/2003 Jarraibidean ezarritakoarekin bat etorriz, honako baldintza hauek ezartzen dira obra berrirako:
- Gutxienez % 85eko balorizazio-helburua, azterketa horretan aurreikusitako hondakinen guztizkoari dagokionez.
- Bereizi gabeko hondakinak: LER-170904 kodearen % 5 sortzeko baimena emango da (nahasitako hondakinak).
Bi baldintzak amaitutako obran egiaztatu beharko dira.
- Desmuntatzeko, egokitzeko eta irauteko diseinua: ISO 20887:2020 araua
Energetikoki eraginkorrak diren eraikinetan alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzen direnean DNSH (Ingurumenari kalte handirik ez eragiteko printzipioa) printzipioa betetzen dela justifikatzeko (urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua), zirkulartasuna ebaluatzeko tresna bat garatu du Visesak 60 2 b) artikuluan jasotakoa betetzen dela egiaztatu ahal izateko: "Eraikinen diseinuek eta eraikuntza-teknikek zirkulartasuna babestuko dute, eta, bereziki, ISO 20887:2020 arauari edo eraikinen desmuntatzeko edo egokitzeko gaitasuna ebaluatzeko beste arau batzuei erreferentzia eginez, nola diseinatuta dauden erakutsiko dute, baliabideen erabileran eraginkorragoak, moldagarriagoak, malguagoak eta desmuntagarriagoak izateko, berrerabili eta birziklatu daitezen".
- Moldagarritasuna
Eraikinen moldagarritasuna erraztea da xedea edo bizitza erabilgarrian zehar espazio batek moldatzeko duen gaitasuna erabiltzaileen beharren arabera erabilerak eta funtzioak aldatzeko edo erabilera berri batentzat baliagarria izateko.
Eraikinaren diseinuak egungo eta etorkizuneko behar aldakorretara egokitzen laguntzen duen arabera ebaluatzen da, alokairuko bizitegi-eskarira egokitzeko, okupatzaileen beharretara egokitzeko bizi-zikloko etapa desberdinetan, edo eraikinaren balizko erabilera-aldaketara egokitzeko ere bai.
Adierazle kualitatiboa da eta desmuntatzeko diseinuaren printzipioa justifikatzeko garatu zen UNE EN 20887 arauan ezarritakoaren arabera (Desmuntatzeko eta moldagarritasunerako diseinua. Printzipioak, eskakizunak eta jarraibideak).
- Desmuntatzeko diseinua
Eraikiaren zirkulartasuna hobetu nahi du praktika onak erabilita, eraikinaren bizitza erabilgarriaren amaieran deseraiki ahal izateko berrerabiltzeko, birziklatzeko edo materialak berreskuratzeko. Eraikuntzan-sistema industrializatuak erabiltzearen bultzada aipatu behar da bereziki, eraikinaren bizitzaren amaieran errazago desmuntatu ahal izateko.
- Birziklatutako materialak erabiltzea
Eraikiaren bizi-zikloaren faseen barruan bereziki garrantzitsuak dira eragiketari eta mantentzeari buruzkoak, denborazko irismen handiena dutelako eta ekonomia- eta ingurumen-arloko eragin ugari hartzen dutelako beren baitan. Alokabide da fase horietan eraikina kudeatzearen arduraduna, alokairuaren politikaren bidez etxebizitzaren funtzio soziala garatzeko Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publiko gisa. Horretarako, Alokabidek “alokabizi” abiarazi du, alokairuko etxebizitza sozialerako eredu jasangarri, inklusibo eta digitalagoa lortzeko esparru estrategikoa. Estrategia horretan oso garrantzitsuak dira elkarrekin zerikusia duten bi kontzeptu: Biki Digitalak (BIKIA) eta BMS (Building Management System).
Biki Digitala (BIKIA), Alokabidek ulertzen duen moduan, eraikinaren denbora errealeko eredu digitala da; hala, eraikinaren kudeaketaren arduradunek sor litezkeen arrisku-egoerak simulatu, aurreikusi eta gertatu aurretik saihestu ditzakete. Teknologia horrek kontsumo energetikoarekin, irisgarritasunarekin eta alokairu sozialeko etxebizitza babestuko maizterren bestelako beharrekin lotutako arazoak kudeatu eta konpontzea errazten du.
Biki digitalen abantaila guztiak lortzeko, beharrezkoa da azpiegitura digital zehatza eta hori kudeatzeko sistema izatea. Horri esaten zaio BMS edo Building Management System.
Biki Digitala eta BMS elkarrekiko lotura estua duten bi kontzeptu dira, haien funtzioek elkar osatzen dutelako. Biki Digitalek eraikinaren irudikapen digital osoa eskaintzen dute, eta BMS delakoak eraikineko sistemak denbora errealean kudeatu eta kontrolatzeaz arduratzen dira. Bi horiek integratuta eraikinak eraiki eta kudeatzeko ikuspegi holistiko eta eraginkorragoa izan dezakegu. Aipatutako elkar osatzen horren giltzarrietako batzuk honako hauek dira:
- Datuak integratzea: Biki Digitalak dagoeneko badauden sistemekin, hala nola BMSekin, integratu ahal dira, eraikinaren sistemen errendimenduari buruzko datuak lortzeko denbora errealean. Horri esker, erabakiak har daitezke informazio osatuagoarekin eta kudeaketa efizienteagoa eginez.
- Simulazioa eta Analisia: Biki Digitalek eraikinaren errendimenduaren egoerak simulatu eta aztertu ditzakete, eta simulazio horien emaitzak erabili daitezke BMSak kontrolatutako sistemak hobeto konfiguratu eta efizientzia areagotzeko.
- Eragiketen optimizazioa: Biki Digitalaren informazioa erabil daiteke eraikinaren eragiketa BMS bidez optimizatzeko. Adibidez, Biki Digitalaren datuek adieraz dezakete noiz den beharrezkoa prebentziozko mantentzea egitea edo sistemen konfigurazioa doitzea, efizientzia energetikoa hobetzeko. Era berean, eraikinen automatizazioa dagoeneko errealitatea da eta erosotasunik handiena lortzen da gasturik txikienarekin. Lortutako datuei esker instalazioak optimizatu daitezke nahi den aurrezkia lortzeko eta erabiltzaileei trebakuntza energetikoa eskaini.
Intereseko proiektuak
Lankidetza Eusko Jaurlaritzako laborategiarekin (2014)
Eusko Jaurlaritzako Laborategiarekin elkarlanean, 2008 eta 2014 artean eskriturak egindako Visesako 25 sustapenen (3.390 etxebizitza guztira) efizientzia energetikoaren maila zehaztu zen, etorkizuneko sustapenak kostu-efizientzia irizpideekin diseinatzeko gomendioak ateratzeko.
UPV-EHU Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoarekin lankidetza (2013)
Etxebizitzen efizientzia energetikoan aurrera egiteko asmoz, aire-filtrazioen azterketa egin zen nahiz obran nahiz zaharberritzeetan, eta horretarako UPV-EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoaren lankidetza izan genuen.
Mikro kogenerazioan oinarritutako efizientzia handiko sistemak sartzea Salburuako 224 etxebizitzako sustapenean eta Laudioko 103 etxebizitzatan (2010-2011)
Visesak zerbitzu energetikoak eskaini zituen jabeen erkidegoetan ZEE (Zerbitzu Energetikoen Enpresa) modura, etxeko ur beroa (EUB) eta berogailuak hornitzeko, galdara-gelen mantentzen lanetarako eta kogenerazioen instalazioetan sortutako energia saldu zuen.
Zerbitzu hori Salburuako (Vitoria-Gasteiz) babes ofizialeko 242 etxebizitzen eta Laudioko 103ren sustapenetan hasi zen eskaintzen jabeen erkidegoei.
Sustapen horiek efizientzia handiko mikro-kogenerazio sistema bat dute (beroa eta elektrizitatea aldi berean sortzen dituzte) eta horri esker honakoak ahalbidetzen dira:
- A kalifikazio energetikoa lortzea (CO2 emisioak eta energia primarioaren erabilera murriztea), hasierako inbertsioaren kostua mantenduz.
- Elektrizitatea “in-situ” ekoiztea. Garraioan galerak egotea saihesten da eta hondar-beroa aprobetxatzen da, galdaretan gasa kontsumitzea saihestuz.
- Errentagarritasun ekonomikoa areagotzea (gaininbertsioaren itzulera-tasa 40 urtetik 10 urtera igarotzen da), galdara-gela hazi gabe eta teilatuak libre utziz, eguzki-energiarako sistemen instalazioa egiten ez delako. Saldutako energiari esker instalazioetan sortutako geldikinaren ondorioz, maila ekonomikoan ere jasangarriagoak dira.
- Jasangarritasun soziala: urtero elkargoei jakinarazten zaie instalazioen funtzionamendu eta errendimendua zein den, eta horri esker partaideak dira eta energia kontsumitzeko ohitura kontziente eta jasangarriak sortzen laguntzen da.
Babestutako etxebizitzaren erabiltzaileak bihurtu dira, Visesaren laguntzari esker, beren sistema energetikoen autokudeatzaileak, teknikoki eta ekonomikoki funtzionamendua optimizatuz.
Lortzen dutena: aurrezki ekonomikoa, zerbitzuaren kostu lehiakorra merkatuarekin alderatuta, hornikuntzaren segurtasuna, kudeaketaren azpikontratazioa eta hornikuntzaren fidagarritasuna.
2021 eta 2022an zerbitzu hori pixkanaka ixteko prozesua egin zen eta auzotarren erkidegoei kudeaketa guztietan lagundu zitzaien. Zerbitzu Energetikoak amaituta, instalazioen titulartasuna itzuli egin da eta komunitateen esku dira orain. Urte hauetan Visesak egindako zaintza lanari esker eta bereziki titulartasuna itzultzeko prozesu honetan egindakoari esker, erkidego horiek erabat independenteak dira ekoizpen energetikoaren kudeaketan.
Tetraener-Antondegi. Hiri-garapen jasangarriak (2005-2010)
EVE Energiaren Euskal Erakundea buru zela, proiektu honetan energiaren ikuspuntutik oso efizienteak ziren bizitegi-garapenak zeuden Donostian-Antondegin eta Genevan (Suitza).
Hirigintza-prozesuan pilatutako atzerapenen ondorioz, Antondegiko demostrazio-lanak ez ziren egin proiektatutako epean.
UPV-EHUrekin lankidetza, galderetatik datozen CO2 isuriak murrizteari buruzko ikerketan
EFICAIND (2005): gasezko horma-galdara indibidualetatik datozen CO2 isurien murrizketari buruzko ikerketa.
EFICACENT (2006-2009): bizitegi-erabilerako galdara zentralizatuen errendimendua hobetzeari eta CO2 eta NOX isuriak murrizteari buruzko ikerketa.
Zaingune proiektu teknologikoa (2005-2008)
Eusko Jaurlaritzako Gaitek eta Industria Ministerioko Profik programek finantzatuta, ingurumen-adimeneko software produktu bat garatu zen etxe bateko elementu domotikoak sentsorialak eta jarduerazkoak kontrolatu ahal izateko, desgaitasun fisikoa edo adin handia duten pertsonei laguntza-zerbitzuak eskaintzeko.
Egokitutako etxebizitza batean ezarri zen, Salburuako (Vitoria-Gasteiz) 156 etxebizitza sozialeko sustapen batean.
Eraikuntza Jasangarriaren Gida (2004-2006)
Eusko Jaurlaritzak eta Visesa eta Ihobe elkarte publikoek, EVE eta Orubiderekin batera, egin zuten gida hori EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarrirako oinarri teknikoak ezartzeko.
Eguzki-energia termikoko instalazioak (2002tik)
Visesak une hartan indarrean zen araudiari aurre hartu eta sustapen guztietan eguzki-hartune termikoko kolektorea ipini zituen kontsumorako ura berotzeko, etxeko ur beroarentzat urtean behar zen guztizko energiaren % 60 hornitu ahal izateko gutxienez (araudiak % 30 eskatzen zuen).
XXI. arkitektura lehiaketa (2001-2002)
Visesak lehiaketa bat antolatu zuen etxebizitza sozialaren, arkitekturaren eta ingurumenaren alorreko ikerketa eta sustapen guztietako berezko errealitate fisikoak, eraikuntzakoak eta ekonomikoak uztartzeko.
Lehenengo edizio honen xedea izan zen Bermeoko babes ofizialeko 50 etxebizitzaren (BOE) sustapena eraikitzeko proiektua eta obrako zuzendaritza kontratatzea.
Bigarren edizioaren xedea izan zen Elgoibarko babes ofizialeko 100 etxebizitzaren (BOE) sustapena eraikitzeko proiektua eta obrako zuzendaritza kontratatzea.
Sustapen guztietan gutxienez % 30eko ziurtagiri energetikoa (1998tik)
Une hartan indarrean zen araudiari 10 urteko aldea atera eta Visesak eraikin guztietan gutxienez % 30eko aurrezki energetikoa ziurtatzen zuen kalitatearen berme gisa, eta C sailkapen energetikoa edo handiagoa zuten.