Visesak Bidean aitorpena jaso du 2025eko Euskadi Agenda 2030 Sarietan

    Argitalpen-data: 

    • Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Agenda 2030 Sarien I. edizioaren xedea da solidaritatearekin eta jasangarritasunarekin (2030 Agendaren funtsezko zutabeak) konpromiso sendoa izateagatik nabarmentzen diren erakundeak saritzea.
    • Bidean aitorpenak berretsi egiten du Visesa etxebizitza babestuaren sektorean GJHak txertatzeko erreferentea dela.

    Visesa recibe el reconocimiento Bidean en los Premios Euskadi Agenda 2030 Saria 2025

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 24a.- Visesak Bidean aitorpena jaso du astelehen honetan, Imanol Pradales lehendakariaren eskutik, Euskadi Agenda 2030 Sarien lehenengo edizioan. Eusko Jaurlaritzak ematen duen sari horrek nabarmendu egiten du Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren mendeko sozietate publikoak 2030 Agendako garapen jasangarrirako helburuekin (GJH) duen konpromisoa, bai eta inklusiboagoa, efizienteagoa eta ingurumenarekiko begirunetsuagoa den etxebizitza-ereduari egiten dion ekarpena ere.

    Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindósen hitzetan: “ohore handia da guretzat garapen jasangarrirako helburuak kudeatzeko dugun sistema aintzatestea. Lorpen horrek, gure talde osoaren lanaz gain, etorkizun jasangarri eta ekitatiboagoa eraikitzeari eskaintzen diogun ardura ere islatzen du”.

    2030 Agenda Visesan txertatzeko, erakundearen politikak eta GJHak lerrokatzean oinarritutako ikuspegi estrategikoari heldu behar izan diote. Txertatze hori zenbait jarduketa-ildotan gauzatu da, hala nola: alokairu-erregimeneko etxebizitzen proiektuak eta herritarrei laguntzeko politikak garatzea; eraikuntza- eta birgaitze-energetikoko neurriak ezartzea, material jasangarriak erabiltzea eta karbono-emisioak murriztea; energia-kontsumoa optimizatzeko eta maizterren erosotasuna hobetzeko teknologia adimendunak txertatzea; eta gobernantza parte-hartzailearen ereduak bultzatzea eta auzoetan eta hirietan komunitate-sarea indartzea.

    Visesak lortutako aurrerapenak ebaluatu eta etengabe hobetzeko arloak identifikatzeko aukera ematen duen kudeaketa-eredu bati heldu dio. Ildo horretan, Carlos Quindósek honako hau adierazi du: “berritzen jarraituko dugu, bai eta gure interes-taldeekin lankidetzan ere, gure etxebizitza-arlotik gainditu beharreko erronka globalei erantzuten laguntzeko”.

    Jasangarritasunaren eta etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoaren barruan, Visesak bere ekimenak GJHen arloko kanpoko kontraste-prozesu baten mende jarri ditu. Prozesu hori funtsezkoa da ekintzen inpaktu positiboa baliozkotzeko eta garapen jasangarriaren arloko nazioarteko estandarrekin lerrokatzea sendotzeko. Kanpoko kontraste-prozesuak honako hauek hartu ditu: ezarritako jasangarritasunaren ebaluazioa, gizarte eta ingurumen arloko inpaktuaren ebaluazioa (sektoreko jardunbide egokiekin konparatuta), eta etxebizitzaren eremuan GJHak betetzen direla bermatzeko Visesaren eta interes-taldeen arteko lankidetzaren berrikuspena.

    Ebaluazio horien emaitzei esker, indarguneak eta hobetzeko aukerak identifikatu ahal izan dira, eta ziurtatu egiten da Visesak jarraitu egingo duela GJHak positiboki garatzen lagunduko duten ekintzak modu eraginkor eta neurgarrian ezartzen.

    2025eko Euskadi Agenda 2030 Sarien lehenengo edizioko Bidean aitorpena oso lorpen handia da Visesarentzat; izan ere, berretsi egiten du Visesak etxebizitzaren sektorean GJHak txertatzeko erreferente gisa duen rola, eta 2030 Agendarekiko konpromisoa sendotzen jarraitzeko pizgarria da, etxebizitza funtsezko eskubide eta Euskadiren Garapen jasangarrirako ardatz nagusi gisa sustatzen jarraitzeko.