Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, Isabel Rodríguez Etxebizitza eta Hiri Agendako ministroak, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkateak bisitatu dute, gaur goizean, Visesak Salburua auzoan eraikitako alokairuko babes ofizialeko 152 etxebizitzetako baten familia onuraduna. Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria ere izan da bisita horretan.
Bisitaren helburua da Eusko Jaurlaritza etxebizitzaren arloan garatzen ari den politikak Euskaditik haratago ezagutaraztea; hartara, Visesako sail teknikoak emandako sustapenari buruzko azalpen teknikoekin hasi da bisitaldia. Aurkezpenaren ondoren, agintariak etxebizitzetako batean izan dira, eta familia adjudikaziodunarekin elkartu dira, inbertsio publikoari aurpegia jartze aldera.
17,7 milioiko inbertsioa eta Europar Batasunaren finantzaketa
Alokabidek kudeatzen dituen alokairuko babes ofizialeko 152 etxebizitzek 16,5 milioi euroko inbertsioa izan dute, eta zenbateko hori 17,7 milioira iristen da sustapenaren zeharkako gastuak, egitura-gastuak, finantza-gastuak eta zergak ere eransten bazaizkio. Zenbateko horretatik 6,81 milioi euro Europar Batasunaren Next Generation funtsetatik datoz, hau da, sustapenaren kostuaren % 38,44ko laguntza.
Etxebizitza horiek Jorge Fernández Ibarra kalean, Iliada pasealekuan eta Gabriel Martinez de Aragon Urbiztondo kalean daude. Sestra azpian konektatu dauden 7 eta 8 solairuko hiru eraikinetan banatzen dira, beheko solairuan lokalak daude eta lurpeko bi garaje-solairu dituzte, etxebizitzei lotutako 152 plazarekin.
Askotariko tipologiako etxebizitzak dira, eta egungo premia sozialei erantzuten diete: 120 etxebizitza 2 gelakoak dira —horietako 4 mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak— eta 32 etxebizitza 3 gelakoak —horietako 3 egokituak—.Gainera, proiektuak 714 m²-ko merkataritza-lokala izango du beheko solairuan, auzoaren jarduera eta zerbitzua indartzera begira.
Energia-aurrezpena eta % 100 elektrikoa den sistema
Salburuko sustapenak A kalifikazio energetikoa du, energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoan eta CO₂-ko emisioetan. Horrenbestez, eraikinek urtean, batez beste, 36 kWh/m² baino gutxiago kontsumitzen dute, eta urtean 6 kg CO₂/m² baino gutxiagoko emisioak dituzte —eraginkortasun estandar zorrotzenak betetzen dituzte—.
Era berean, jarduketa diseinatu da jasangarritasunaren eta eraikuntza-modernitatearen parametroen arabera:
- Sustapen % 100 elektrikoa da, erregai fosilik gabea.
- Fluxu bikoitzeko aireztapen mekanikoa du, bero-berreskuragailuarekin, eta horrek barruko airearen konforta eta kalitatea hobetzen ditu.
- Urbanizatutako hiri-itxitura barne hartzen du, baita kalitatezko espazio komunak ere.
- Familia adjudikaziodunen karbono-aztarna murrizten eta energia aurrezten laguntzen duten eraikuntza-soluzioak ditu.
17.519 bizikidetza-unitate daude inskribatuta Etxebiden
Vitoria-Gasteizen etxebizitza babestuaren premia oso handia da oraindik ere, Etxebiden guztira 17.519 bizikidetza-unitate baitaude inskribatuta, eta horietatik 15.617k, hau da, % 89,12k, berariaz eskatu dute alokairu-erregimeneko etxebizitza.
Aditzera eman behar da, Alokairuko Erregimen Orokorreko Babes Ofizialeko Etxebizitza eskuratu ahal izango bada, 9.000 eta 45.022,57 euro bitarteko diru-sarrerak egiaztatu behar direla. Gaur egun 8.491 bizikidetza-unitatek betetzen dute baldintza hori, eta horietatik 7.579 hirian erroldatuta daude eta 912 hirian erroldatu gabeko eskatzaileak dira.
Era berean, datuek arreta berezia merezi duten bi errealitate sozial islatzen dituzte: batetik, 36 urtetik beherako gazteen presentzia handia —alokairua eskatzen duten 5.034 gazte guztira—, eta, bestetik, pertsona bakarreko bizikidetza-unitateen kopuru handia —9.265 pertsona—. Agerikoa da, beraz, profilen aniztasuna eta eskaera gero eta handiagoari eta heterogeneoari erantzuteko premia.
Azken batean, datuok agerian uzten dute zer garrantzitsua den Salburuko sustapenaren gisako sustapenak bultzatzea, hau da, gazteei eta bakarrik bizi diren pertsonei erantzuna ematen dieten sustapenak bultzatzea, kolektibo horiek merkatu librean etxebizitza eskuratzeko zailtasun handien duten kolektiboetako bi diren heinean.

