Kudeaketa sistemak
Visesa sortu zenetik, bere bokazioa hauxe izan da: Eusko Jaurlaritzak babes publikoko etxebizitzen eta birgaitzearen esparruan egindako politikak garatzen laguntzea, erabakitasunez. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren funtsezko eragilea izan da, Egitekoa eta Ikuspegia ataletan jaso denez.
Pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko, etxebizitzaren arloko ekarpena eginez, Visesak beti nabaritu du erronkak eta helburuak betetzea erraz dezaketen kudeaketa-tresnak erabiltzeko beharra.
2002. urtetik hasita, eta 2015. urtera arte, EFQM edo Kudeaketa Bikaintasunaren Eredu Europarra izan da Visesak jarraitu duen erreferentzia, Europako praktika onetan oinarritutako kudeaketa-eredu integratua eskaintzen baitzuen; izan ere, eredu hori gida osatua zen, etengabe garatzeko eta herritarrei gero eta zerbitzu hobea emateko konpromisoan.
2005. urtean, Visesak kudeaketa-memoria aurkeztu zion Euskalit kalitatea sustatzeko euskal fundazioari. Aditu independenteek eta sozietatearekin zerikusirik ez zuten adituek kanpo-ebaluazioa egin zuten, eta, horren bidez, erakundeko kudeaketaren azterketa orokor eta sistematikoa egin zuten. Kanpo-ebaluazio horren ostean, zilarrezko Q bereizgarria jaso zuen sozietateak, Eusko Jaurlaritzak erakunde bikainei ematen diena. Horrela, berrikuntzan eta etengabeko hobekuntzan oinarritutako kudeaketa aurreratua aitortu dioten lehenengo etxebizitza-sustatzaile bihurtu zen Euskadin.
Geroago, hurrengo aldi estrategikoetan, eta Eusko Jaurlaritzaren ondoz ondoko etxebizitza bideratzeko planekin bat eginez, Visesaren kudeaketa-sistema integratua sendotuz eta urteetan zehar agertzen joan diren errealitate eta erronka berrietara egokituz joan da.
2015ean, egoera aldatu egin da ildo horretan. Eusko Jaurlaritzak, Euskalitekin elkarlanean, eredu berri bat landu du: Kudeaketa Aurreratuko Eredua, alegia. Euskalitek koordinatu zituen lanetan, EAEko erakunde garrantzitsuetako adituek –kudeaketaren arlokoek– hartu zuten parte eta elkarren artean eratu zuten ereduaren proposamena.
Antolakundeei lehiakortasun-hobekuntzen beharrezko bilaketan laguntzea da Kudeaketa Aurreratuko Ereduaren helburua, eta azken hamarkadetan hainbat eremuk eman dituzten kudeaketa-kontzeptuak jasotzen ditu, besteak beste: Ezagutzaren Kudeaketa, Erabateko Kalitatea, Bikaintasuna Kudeaketan, Berrikuntza eta Enpresaren Gizarte Erantzukizuna. Eredu hori Visesak 2015ean hartu du erreferentzia berritzat.
Ereduak bere egiten ditu PDCA logika (lan-sistematikak berrikusi eta kudeaketa-premien arabera egokitzea) eta REDER logika (xedeak finkatu, bideratu, zabaldu, ebaluatu eta berrikustea), eta biak aplikatzen zaizkio lanaren alderdi bakoitzari. Visesaren iritziz, funtsezkoa da ematen duen zerbitzua hobetzeko eta, beraz, bere esku utzitako helburuak betetzeko.
Ereduan jasotzen diren sei elementu nagusiak (ESTRATEGIA, BEZEROAK, PERTSONAK, GIZARTEA, BERRIKUNTZA eta EMAITZAK) dira kudeaketa-sistema garatzeko oinarria, eta sistema horren gainean egituratzen da gure erakundearen –Visesaren– lehiakortasuna. Horri esker, honako hauek lor ditzakegu:
- Pertsonengan proiektu partekatu bateko kide direlako sentimendua sortzea.
- Erakundea bezeroenganantz bideratzea, balio-ekarpen bereizgarria eginez.
- Berrikuntza erakundearen eremu guztietan ezartzea.
- Gizartearekiko konpromisoa indartzea, lehiakortasun-gaitasun handiak ematen baititu horrek.
- Epe luzerako ikuspegia eratzea, argi eta garbi zehaztutako estrategiaren bidez.
- Interes-talde guztien gustuko emaitzak lortzea modu jasangarrian eta orekatuan.
Horretarako, bai Visesako Zuzendaritza Nagusiak, bai taldeko pertsona guztiek konpromisoa hartu dute koherentzian jarduteko sozietatearen kudeaketa-sistemarekiko eta politikekiko, ezarritako lege baldintzak eta beste baldintza batzuk borondatez betez eta bere jarduera modu eraginkorrean garatzeko behar diren baliabideak egokituz, une guztietan produktu eta zerbitzuen balio-ekarpena bermatzeko.