Koroatze

SmartEnCity proiektua ekimen handizalea da, Horizonte 2020 Europako Batzordeko I+G+b esparru programaren “Hiri eta komunitate adimendunak” Europa mailako programaren barruan dagoena. Testuinguru horretan Gasteizek “faro-hiri” izan nahi du eta eraginkortasun energetikoari, mugikortasun iraunkorrari eta informazio eta komunikazio teknologien –IKTak– erabilerari loturiko konponbideak modu integratuan aplikatzeko asmoa du, pertsonen bizi-kalitatea hobetze aldera. Horiei guztiei beste lan-esparru bat gehitu behar zaie: Gasteizko Udalak Koroatzea auzoan egingo duen jarduketaren barruan, espazio publikoa birmoldatzeko egitasmoa.

Gasteizez gain, Tartu (Estonia), Sonderborg (Danimarka), Lecce (Italia) eta Asenovgrad (Bulgaria) hiriak ere antzeko xedeak dituzten jarduketak garatzeko proposamenaren zati dira. Horietan guztietan, faro-hirietako proiektuen gaitasuna –beste toki batean erabiltzeko eta egokitzeko– aztertuko da.

Tokian tokiko parte-hartzaileak honako hauek dira: Visesa-Eusko Jaurlaritza, Vitoria-Gasteizko Udala, Tecnalia, Mondragón Corporación Cooperativa, Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Fagor Ederlan, Cluster de electrodomésticos de Euskadi, ETIC Smart Cities Innovation Center, MCCTelecom, Acciona Infraestructuras, Giroa, Cartif, Estudios Gis. Errota Zaharra Auzo Elkarteak lagunduko du.

Europako Batzordeak gehienez ere 750 etxebizitzako jarduketa-eremua ezarri du, baina Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak osatu egingo dute kopuru hori, 1.305 etxebizitza eraikitzea lortu arte. Hasiera batean esparrua Koroatze, Domingo Beltran, Badaia eta Arriagako Atea kaleek mugatzen zuten, jarduketa eremua handitu ondoren, eta kale hauek sartzen dira:

  • Badaia (1. zenbakitik 23.era)
  • Zerkabarren (35. eta 30. zenbakiak)
  • Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kaleko 35. zenbakia
  • Domingo Beltran de Otazu (13. zenbakitik 25.era)
  • De Ziudadela plaza (3. eta 4. zenbakiak)
  • Andre Maria Zuriaren Koroatzearen kalea (1. zenbakitik 23. zenbakira).

Gasteizko proiektua garatzeko aurrekontua 29.566.798 eurokoa da eta horietako 10.879.960 euro Europako diru-laguntzaren bidez jasoko dira. Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, 10.728.000 euro jarriko dute. Pertsonekiko konpromisoa berme-funts bat sortzean ere gauzatzen da; izan ere, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu dute 3.300.000 euroko ekarpena egiteko: 990.000 euro udalak, eta gainerako 2.310.000 euro Eusko Jaurlaritzak jarriko du. Funts horri esker, ahalmen ekonomikorik ez duten pertsonek ere, nahi izanez gero, proiektuan parte hartzeko aukera izango dute.

Koroatzea auzoa berroneratzeko proiektua honako hauek zehazten dute:

- Etxebizitzen eraberritze energetikoa:

Etxebizitzen eraberritze energetikoa pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko aukera da. “Eraikinari beroki bat” jartzean datza; hau da, eraikina azal osoan isolamendu termikoarekin forratu egiten da, beroaren galerak saihesteko eta biztanleen konforta hobetzeko. Etxebizitzek behar izaten duten energiaren kantitatea % 50 murriztea lortu nahi da, bide batez, CO2-ren isuriak nabarmen gutxitzeko. Halaber, eraikinaren itxura berritu egiten da.

Etxebizitzen eraberritze energetikoa eta auzoko bero-sistema bat sortzea dira Europako proiektua garatzeko diru-laguntzak jasotzeko baldintzak.

- Bero-sarea:

Auzoko berokuntza zentraleko sistema bat aukeratu da, Europar Batasunaren baldintza betetzeko: proiektuan teknologia eraginkorrak eta energia-iturri berriztagarriak erabiltzea, Europako estrategiekiko koherentzian. Gainera, beroa sortzeko sistema kolektibo eraginkorrak eta energia berriztagarriekin funtzionatzen dutenak erabiltzeak familiako gastua murriztea ekarriko du (kasu honetan, etxea berotzeko gutxienez % 50 gutxiago gastatuko dela aurreikusten da), baita berotegi-gasen isuriak gutxitzea ere. Horrez gain, kendu ahal izango dira eraikinetako fatxadetan dauden tximiniak eta etxebizitzen barruko gas-instalazioak.

Galdara eta egurra –ekonomiaren ikuspuntutik lehiakorrena eta tokiko baliabidea izateagatik hautatutako erregaia– biltegiratzeko lekua, horretarako Aldabe Gizarte Etxearen ondoan eraikiko den eraikinean egongo dira.

- Espazio publikoa:

Proiektuko beste irizpide garrantzitsu bi mugikortasun iraunkorra eta IKTak erabiltzea dira. Lehenengoa, mugikortasun iraunkorra, jarduketa-eremua Gasteiz hiria duen Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planari lotuta dago. Horren bidez, taxi gisa, merkataritzako garraioan eta zerbitzuetan, baita salgaien hiri-banaketan ere (azken miliako logistika) ibilgailu elektrikoen erabilera bultzatu nahi da. Horretarako, laguntza ekonomikoa eta teknikoa aurreikusten da, baita arauak aldatzea eta birkargatzeko guneak sortzea ere, ibilgailu horiek eskuratu eta erabil daitezen. Bestalde, informazio eta komunikazio teknologiak erabiliz, etxebizitzek eta auzoko galdarak kontsumitzen duten energiaren kantitatea monitorizatu nahi da; halaber, informazio eta komunikazio teknologia berriak erabiliz garatutako plataforma baten bitartez, mugikortasun-irtenbideak kontrolatzeko asmoa dago. Plataformari esker, energiaren aldetik eraberritutako etxebizitzetan bizi direnek aukera izango dute beren kontsumo-datuak ikusteko, norberak bere kontsumoa egokitzeko eta behar duen beroaren kantitatea aintzat hartuta erabakiak hartzeko.

Kostua

Etxebizitza baten eraberritze energetikoaren batez besteko kostua 21.000 euro izango da. Administrazioek emandako diru-laguntzekin 11.400 euro lortzen denez, jabeek 9.600 euro inguru jarri beharko dute.

Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak "berme-funts" bat sortuko dute, obrari aurre egiteko ahalmen ekonomikorik ez duten jabeei laguntzeko. Laguntza hori gainerako jabeei eskainitako laguntzei gehituko zaie.

Proiektuaren esparrutik kanpo, Eusko Jaurlaritzak Renove Plana ere badu, eraberritze energetikoaren eta irisgarritasunaren arloko jarduketa osagarriak burutzeko.

Berme-funts

Berme-funts arauak

Otros Proyectos Emblemáticos