Sari horrek balioa ematen dio Eusko Jaurlaritzak eta Visesa sozietate publikoak eraikuntza eraginkorrago, jasangarriago eta aurreratuago batekin duten konpromisoari, eta etxebizitza publikoaren eraldaketa jasangarriari, industrializazioa eraikuntza-sektorea aldatzeko palanka gisa erabiliz.
Jarduera alokairuko 36 etxebizitza babestuko sustapen batean gauzatu da. Hasiera batean proiektuan aurreikusitako itxitura tradizionala Enerblock-eko Hormablock sistemak ordezkatu du, altzairu arineko egitura autosostengatzailean oinarritutako 2D panel industrializatuen soluzio integralak. Sistema honek batera ebazten ditu eskakizun termikoak, akustikoak eta suaren eta uraren aurrean babestekoak, eta ITeC-k emandako egokitasun teknikoaren ziurtagiria (DAU) dauka.
Proiektuaren balio erantsi nagusietako bat ikuspegi industrializatua da, obra-prozesua mihiztatze-sistema zehatz eta seguru bihurtzen duena. Lehorreko muntaketak astean planta bat ixtea ahalbidetzen du, gauzatze-epeak optimizatuz, laneko arriskuak murriztuz eta kostuen kontrola hobetuz, eta horrek lehiakortasuna indartzen du ohiko eraikuntza-sistemen aldean.
Proposamenak, gainera, eraikuntza zirkularreko estrategia aurreratua jasotzen du. Sistemaren diseinuak egokitzeko eta desmuntatzeko irizpideei erantzuten die, ISO 20887 arauaren arabera, eta lehentasuna ematen die materialen birziklagarritasunari, lotura mekaniko itzulgarrien erabilerari eta eraikinaren bizi-zikloaren amaieran hondakinak minimizatzeari. Sistema BIM ereduetan integratzeak trazabilitate digitala eta mantentze-lanen kudeaketa errazten ditu, eraikina dokumentatutako materialen banku bihurtuz.
Proiektu honen bidez, Visesak indartu egiten du eraikuntza publikoan berrikuntzaren eragile eragile gisa duen eginkizuna, eta agerian uzten du industrializazioa, eraginkortasun tekniko handia eta eraikuntza zirkularra erabat bideragarriak eta eskalagarriak direla etxebizitza babestuen eremuan.

