Ordiziako Udalak eta Eusko Jaurlaritza-Visesak 190 BOE eraikiko dituzte 2027tik aurrera eta lehenengo 80ak sustatzeko hitzarmena sinatu dute

    Argitalpen-data: 

    Visesa sozietate publikoak lizitaziora atera du dagoeneko San Juan auzoko proiektuaren idazketa, eta aurten esleitzea espero du

    Ordiziako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 190 BOE eraikiko dituzte 2027tik aurrera eta lehenengo 80ak sustatzeko hitzarmena sinatu dute

    Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Adur Ezenarro Ordiziako alkateak San Juan auzoan alokairuko babes publikoko 80 etxebizitza berri sustatzeko hitzarmena sinatu dute gaur Ordiziako Udalbatza Aretoan. Udalak doan lagatako bi lursailetan eraikiko dira etxebizitzak (3.372 metro karratu izango ditu eraikin bakoitzak), eta 40 etxebizitzako bi sustapen bikoitz jarri ahal izango dira herritarren eskura.

    Ekitaldian, Itxasok iragarri duenez, Visesa sozietate publikoak “lizitaziora atera du dagoeneko San Juan auzoko proiektuaren idazketa, eta aurten esleitzea espero du”. Bertan, beste 110 etxebizitza gehiago txertatu dira eremu berean. Horrela, babes ofizialeko 190 etxebizitzen obrak, 25 milioi euroko kostua dutenak, “2027an hasiko dira beranduenez, egiteke dauden administrazio-izapideak ebatzi ondoren”.

    Bi erakundeen artean lortutako akordioak aldeko neurriak jaso ditu, hala nola, Udalak % 95eko hobaria ematea Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan (EIOZ), abalak ez eskatzea eta udalerrian gutxienez urtebete etenik gabe erroldatuta daudenei edo azken 5 urteetan etenekin 3 urte daramatzatenei lehentasunezko irispidea bermatzea.

    Operazio berri hori aurretik udalerrian aktibatu direnei gehituko zaie: 2024ko ekainean, Eusko Jaurlaritzak, Visesa sozietate publikoaren bidez, beste hitzarmen bat sinatu zuen Ordizia Lantzen udal elkartearekin a.40.6/1 lursailean 60 etxebizitza eraikitzeko, eta gaur bertan formalizatu da a.40.6/2 lursail pribatuaren erosketa, 50 etxebizitza gehiago eraikitzeko.

    Horrekin guztiarekin, Eusko Jaurlaritzak abian jarri du “Ordizian babes publikoko 190 etxebizitza berri eraikitzea, bizitegi-larrialdiari erantzuteko helburuarekin”, nabarmendu du Denis Itxaso sailburuak. Ildo horretan, gaineratu du gaur egun Ordizian 455 bizikidetza-unitate daudela Etxebiden izena emanda; horietatik 417k (% 91,6) etxebizitza alokatzeko nahi dute, eta 38k (% 8,4), erosteko.

    Proiektua aurrera ateratzeko San Juan eremuko Plan Partzialaren aldaketa puntuala egin beharra dago, eta tramitatzen ari da hasierako onarpena emanda eta urte amaiera baino lehen behin betiko onarpena izatea aurreikusten dugu. Lanean jarraitzen dugu Ordiziarrei etxebizitza eredu duin bat eskaintzeko”. Azken finean, alkateak nabarmendu du etxebizitza hauek eraikitzeko lursaila “doan” utzi dela, “dagoen etxebizitza beharrari erantzuna emateko, argi erakutsiz guretzako lehentasuna den gai bat dela”.