Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak Visesa Hondarribian sustatzen ari den 66 BOEren sustapena bisitatu du

    Argitalpen-data: 

    Lanak datorren udaberrian amaitzea aurreikusten da, eta inbertsioa, guztira, 13 milioi euro ingurukoa da

    Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak Visesa Hondarribian sustatzen ari den 66 BOEren sustapena bisitatu du

    Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Hondarribiko alkate Igor Enparanek Eusko Jaurlaritzak eta Udalak, Visesa sozietate publikoaren bitartez, kostaldeko udalerriko Presa-I eremuan sustatu dituzten alokairuko babes ofizialeko 66 etxebizitzaren promozioa bisitatu dute astelehen honetan.

    Lanak 2024ko urtarrilean hasi ziren, eta 2026ko udaberrirako amaitzea aurreikusten da; beraz, etxebizitzak programatu dira urte horren amaieran entregatzeko esleipendunei.

     “Gaur ikusten ari garen sustapen hau Eusko Jaurlaritzaren konpromisoaren erakusgarri da, etxebizitza babestua euskal geografia osoan bermatzeko, batez ere Hondarribia bezalako udalerri tentsionatuetan; izan ere, datuek erakusten digute babestutako alokairuaren eskaera oso handia dela”, adierazi du Itxasok, eta gaineratu du proiektuak “jasangarritasuna, energia-efizientzia eta kudeaketa publiko arduratsua uztartzen dituela, eta gizarte-bokazio argia duela”.

    Ekitaldian, alkateak azaldu duenez, “erakundeen arteko lankidetza estuari eta konpromiso partekatuari esker izan da posible proiektu hau. Hain zuzen ere, hori da gure etxebizitza politikaren oinarrietako bat: administrazioen artean lankidetzan aritzea, herritarren beharrei erantzuteko”.

    Gainera, Enparanek adierazi duenez, “urrats garrantzitsua da hau, eta etorkizuneko garapenetarako abiapuntu izan daiteke. HAPO onartuz gero, elkarlan horren lehen fruitua litzateke. Aurrera begira, beste proiektu batzuetan ari gara lanean, hondarribiar guztiei etxebizitza duin eta eskuragarria eskaintzeko asmoz”.

    Obrak 9,5 milioi euroko aurrekontua izan du (kontrataren aurrekontua: eraikuntza eta lotutako urbanizazioa), baina 12.999.017 euro inbertitu dira guztira, gastu horiei ekipamendutik, ordainsari teknikoetatik eta lizentzietatik datozenak gehituta, besteak beste. Nabarmentzekoa da 13 milioi horietatik 2.895.474,99 euro Europar Batasunaren Next Generation funtsetatik datozela, hau da, kostu osoaren % 22,27.

    Sustapenaren ezaugarriak eta tipologia

    Proiektua JAAM Sociedad de Arquitectura S.L.P.-k idatzi du, eta ORMAK-SADEKOSA aldi baterako enpresa-elkarteak egingo du obra. Sotoa, beheko solairua, lau solairu eta atikoa dituen eraikina da, hiru atari eta bi lokal komertzial dituena. Guztira, 66 etxebizitza babestu proiektatu dira, horietatik 51 bi gelakoak dira (horietako hiru mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak) eta 15 hiru gelakoak.

    Etxebizitzek terrazak eta esekitokiak dituzte, eta bi etxadi-patioren inguruan daude banatuta, hala argiztapen naturala eta aireztapen gurutzatua errazteko. Estalkian panel fotovoltaikoak, antena, tximistorratzak eta garajeen aireztapen-sistemak jarriko dira.

    Horrez gain, 66 garaje atxiki ditu eraikinak, sotoko solairu bakarrean, eta 55 plazako lur gaineko aparkaleku bat. Hondarribiko Udalari doan laga zaizkio, baita 260 m²-ko lokal komertzial bat ere, Udalak lehentasunez erosteko eskubidea duena.

    Lekuaren baldintzei eta eraikuntza-proposamenari dagokienez, 3.620 m²-ko lursailean dago sustapena, Biteri eta Harresilanda kaleen eta GI-3440 errepidearen artean, hiri-ingurune finkatuan. Eraikinak geometria angeluzuzen trapezoidala du eta topografiari egokitzen zaio, atikoan Biteri kalerantz dagoen retrankeoaren bidez.

    Eraikuntza eta jasangarritasuna

    Eraikinak zimendu sakonak ere baditu, haitzean sartutako aurrefrabrikatutako piloteen bidez, eta in situ hormigoi armatuzko egitura du. Fatxadak, berriz, hormigoizko panel aurrefabrikatuekin egin dira. Estalkiak lauak dira eta fitron lauzan amaitzen dira, mantentze-lanak errazteko.

    Hala, etxebizitzek % 100 elektrikoak dira: berokuntza-sistemak eta ur bero sanitarioa (UBS) banakako igorgailu eta termo elektrikoen bidez dute, eta, haien osagarri, beroa efizientzia handiz berreskuratzen duen aireztapen-sistema kolektiboa eta eremu fotovoltaikoa estalkian.

     “Etxebizitza publikoaren eredu honek nabarmen murriztuko du familien energia-kontsumoa, mantentze-lanak erraztuko ditu eta eraikinaren bizi-zikloa hobetuko du, erosotasuna eta jasangarritasuna bermatuta”, adierazi du sailburuak.

    Bestalde, nabarmendu behar da jarduera Hondarribiko Udalaren eta Visesaren arteko lankidetza-hitzarmen bidez garatu dela. Hitzarmen horretan, lursaila doan lagatzea eta Udalak obraren amaierako kostuaren % 15eko ekarpena egitea aurreikusi da, gehienez ere 1.486.784,48 eurora arte.

    Era berean, hitzarmenak ezarri du Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren Udal Ordenantzaren 18. artikuluan aurreikusitako hobari handiena eman behar duela (% 95) Udalak, “interes eta udal-erabilera bereziko sustapena delako, duen izaera soziala eta etxebizitza babestua eskuratzeko egiten duen ekarpena kontuan hartuta”.

    Hondarribiko etxebizitza babestuen eskaera handiari erantzuna

    Etxebidek 2025eko urriaren 1ean emandako datuen arabera, 1.552 bizikidetza-unitate daude Hondarribian etxebizitza babestuaren eskaera-erregistroan (Etxebide), eta horietatik 1.136 alokairu-erregimenekoak dira (683 erroldatuta daude eta 453 erroldatu gabe). Horietatik, 878 bizikidetza-unitatek betetzen dituzte babestutako alokairuaren araubide orokorraren baldintza ekonomikoak; 9.000 eta 45.022,57 euro bitarteko urteko diru-sarrerak dituzte.

    Eskaeren artean nabarmentzekoak dira 36 urtetik beherakoen kopurua (252 erroldatuta daude eta 132 erroldatu gabe) eta pertsona bakarreko etxeen kopurua (405 erroldatuta daude eta 252 erroldatu gabe).

     “Datu horiek argi azaltzen dute zein den errealitatea: babestutako alokairua premiazko beharra da Hondarribian eta Euskadi osoan. Horregatik, etxebizitza politika publikoa indartzen ari da Eusko Jaurlaritza, benetako eskaera horri erantzuteko”, azpimarratu du sailburuak.

    Behin obrak amaituta, Alokabide sozietate publikoak bere gain hartuko du errentamendu babestuaren kudeaketa eta mantentzea, sustapenaren funtzio soziala eta haren jasangarritasun ekonomikoa bermatuta. Obrak 2026ko ekainean entregatuko dira, behin betiko kalifikazioa eta Lehenengo Okupazioko Lizentzia 2026ko uztailerako egingo dira, eta adjudikaziodunei giltzak urte horren amaierarako ematea aurreikusi da.