Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Orioko alkate Anuska Esnalek Munto sektorean dagoen Palota kaleko alokairurako babes ofizialeko 46 etxebizitzaren sustapena bisitatu dute. Visesak sustatutako eta Next Generation EU funtsekin partzialki finantzatutako jarduketa estrategikoa da. Jarduketa Alokabide sozietate publikoak kudeatuko du, eta udalerrian gero eta handiagoa den etxebizitza babestuen eskaerari erantzungo dio.
Bestalde, Orioko alkate Anuska Esnal pozik agertu da obrak amaitu direlako eta laster etxebizitzak erabiltzeko moduan egongo direlako.
Sustapenak —Munto 8 sektoreko PR-2 partzelan kokatua— 5.630.123,51 euroko (BEZik gabe) kontrata-aurrekontua izan du (eraikuntza eta horri lotutako urbanizazioa), eta 7.364.884,77 euroko inbertsioa egin da guztira. Kopuru horretatik 1.986.720 euro Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak jarri ditu —Next Generation EU programaren funtsen bidez—, hau da, kostu osoaren % 27 inguru. Gainerako kopurua Visesak hartu du bere gain. Nabarmentzekoa da 2020ko urtarrilaren 8an sinatutako hitzarmenaren arabera, Udalak 541.424,10 eurotan saldu ziola Sailari partzela, kargarik gabe; Sailak, berriz, eraikinaren beheko solairuan egokitu gabeko 400 m2 inguruko lokal baten erabilera entregatu dio ekipamendu publikorako.
46 etxebizitzek —horietatik 40 bi logelakoak dira (mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako bi etxebizitza barne) eta 6 hiru logelakoak— energia-efizientziaren, irisgarritasunaren eta eraikuntza-kalitatearen irizpide zorrotzenei erantzuten diete. Guztiek 4 m² baino gehiagoko terraza dute eta esekileku babestu bat fatxadan.
Pedro Apaolaza y Asociados SL estudioak diseinatu du eraikina, eta Sukia Eraikuntzak SA enpresak eraiki du. Higiezinaren banaketa L formako bloke batean antolatzen da. Bloke horrek erabilera publikoko plaza bat du barruan, eta modu harmoniatsuan integratzen da hiri-sarean. Multzoak sotoko solairua —garaje gisa erabiltzeko—, beheko solairua —sarrerak eta udalaren lokal bat bertan daude—, hiru etxebizitza-solairu eta teilatupeko solairu bat ditu. Azken horretan aireztapen-sistemaren elementu teknikoak eta eremu fotovoltaikoa daude.
Jasangarritasunarekiko konpromisoa eta sistema % 100 elektrikoa
Jasangarritasunarekin duen konpromisoa da proiektuaren alderdi azpimarragarrienetako bat. Etxebizitzak A etiketa energetikoarekin kalifikatu dituzte, eta klimatizazio-sistema eta Ur Bero Sanitario (UBS) %100 elektrikoa jarri dute. Etxebizitza bakoitzak termo elektrikoak eta emisore termikoak ditu; horiez gain, beroa berreskuratzen duen fluxu bikoitzeko aireztapena eta eguzki-panel fotovoltaikoak estalkian, eskatutako energia berriztagarriaren estandarrak betetzeko. Estrategia horri esker, maizterrentzako energia-kostua nabarmen murrizten da, eta eraikinaren ingurumen-inpaktua gutxitzen da honen bizi-ziklo osoan.
Sustapen honekin, Eusko Jaurlaritzak beste bultzada bat ematen dio etxebizitzaren arloan duen estrategiari, alokairuko etxebizitza publikoaren eredua indartuz eta bizitegi-parke modernoa, efizientea eta gizarte-ongizatera bideratua sendotuz.