Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Zarauzko Alkate Xabier Txurrukak Saila Salberdin eremuan eraikitzen ari den alokairuko 60 zuzkidura-bizitoki egiteko obrak bisitatu dituzte gaur goizean. Aipatuez gain, alokairu-erregimeneko babes ofizialeko 91 etxebizitza (BOEa) ere eraikitzen ari da, Visesa sozietate publikoak sustatuta. Ekitaldi honetara bertaratu dira, halaber, Etxebizitza sailburuorde Miguel de los Toyos, Zarauzko Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzi Garbiñe Oiarbide eta bi exekuzio-planetan murgilduta dauden enpresa ezberdinen zenbait ordezkari.
Era berean, sailburuak gaineratu du “Udalarekin gauzaturiko lankidetza onari esker, Zarautzen pauso berri bat eman dela geroz eta pertsona gehiagori kalitatezko etxebizitza eskuragarri baterako sarbidea bermatzeko”. Bestalde, Zarauzko Alkate Xabier Txurrukak adierazi du Etxebizitza Sailaren eta Zarauzko Udalaren arteko lankidetzari esker etxebizitza publikoko promozio ezberdinak abiarazi direla azken urteotan, etxebizitza bat eskuratzeko Zarautzen dauden arazoei aurre egiteko.
Gaur goizeko bisitak 60 zuzkidura-bizitokietara, bestetik, Visesak Salberdin eremuko R-9 lursailean sustatu dituen alokairu-erregimeneko babes ofizialeko 91 etxebizitzen obrak ere ikuskatzeko balio izan du. Esku-hartzea Next Funtsen bidez finantzatu da eta alokairu-aukera eskuragarria eskainiko die interesatuta dauden familia eta pertsonei. Itxasok adierazi duenez, “alokairu sozialaren eskaintza areagotzea eta hiritarrei etxebizitza duin bat eskuratzeko aukera bermatzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza publikoa sustatzeko politikaren barruan kokatzen da ekimen hau”. Itxasok, halaber, positiboki baloratu du promozio honi, udalerako interes edo erabilera berezikoa den heinean, Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zergaren (EOIZ) hobaririk altuena, hau da, % 95eko hobaria aplikatzeko Zarauzko Udalak hartu duen konpromisoa.
Sustapenaren guztizko inbertsioa 20.386.905,15 eurokoa da: 3.997.584,00 euro Next Funtsek bermatu duten laguntzari (% 20) dagozkio eta beste 16.389.321,15 euroak (% 80) azalera-eskubidedunaren ekarpena dira. Cooperativa Arquitectos etxeak idatzi du proiektua eta eraikina (Amenabar eraikitzen ari da) egitura-fasean dago, 0 kotatik atera gabe oraindik.
Blokeak 8 solairu izango ditu eta ondokoak hartuko ditu: logela bakarreko 7 etxebizitza (azalera erabilgarria, 45 m² gutxi gorabehera), 65 m² inguruko azalera erabilgarria duten bi logelako 75 etxebizitza (horietako bi mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta) eta 85 m² inguruko azalera erabilgarria duten hiru logelako 9 etxebizitza (horietako bi mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta). Halaber, sarbidea arrapala bakar baten bidez izango duten hiru garaje independente izango ditu (134 aparkaleku guztira), bai eta trastelekuak ere -1 sotoan. Beheko solairuan 400 m²-ko lokal bat egongo da.
Ezaugarri teknikoak
Visesak garatu duen eraikina L itxurako etxadi irekiko motakoa da, sektorean aurreikusi den hirigintza-antolaketari erantzunez. Horren bidez soluzio trinko, ortogonal bat bilatu da, egokiro orientatua, barne-espazio uniformeak izango dituena eta egongela-sukalde-jangela hegoaldera, ekialdera eta mendebaldera ematen izango dituena, hurrenez hurren. Atari eta espazio komunetan, argitsuak, ikusgarriak diren eta segurtasun-sentsazioa emango duten ibilbideak lehenetsi dira, zokoak eta ikusgaitasunik ez duten puntuak saihestuz. Igogailu eta atondo-ate guztietan beirak jarriko dira, espazioen arteko ikusgaitasuna bermatzeko.
Instalazioei dagokienez, arreta berezia eskaini zaie eraikuntza-soluzioei, lehen mailako energia-kontsumoa ahalik eta gehien murrizteko xedearekin.
Funtsean, sailburuak Zarautzera egin duen bisita Eusko Jaurlaritzak hirigintza-plangintza jasangarriarekiko duen konpromisoaren adierazle da. Horren eskutik, etxebizitzak eraikitzeaz gain gizarte-kohesioa eta bizilagunen ongizatea sustatuko dituzten bizileku-inguruneak ere sortu nahi dira.