Denis Itxaso, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak gaur goizean iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak udaberrian entregatuko du baliabide publikoekin eraikitako salmentako etxebizitza babestuen bere azken sustapena, Visesaren jarduera alokairuko etxebizitza babestura aldatu ondoren. Bilboko Zorrotzaurre auzoko Ballets Olaeta kaleko 8. eta 10. zenbakietan sustatutako 120 BOEetara egindako bisitan, Itxasorekin batera Bilboko Udaleko Etxebizitzako zinegotzia Yolanda Díez, Bilboko Udal Etxebizitzen zuzendaria Iñigo Villarroya eta Visesako zuzendari nagusia Carlos Quindós izan dira. Proiektu hau gertaera gogoangarria da Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politikan, ezaugarri horiek dituen azken sustapena baita, jarduera alokairurako etxebizitza babestuaren sustapenera soilik bideratu behar delako.
Ekitaldian, sailburuak jarduera horrek Zorrotzaurren duen garrantzia azpimarratu du, eremu hori funtsezkoa baita Bilboko hirigintza-garapenerako, eta azaldu duenez, "hemen bakarrik Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak 298 etxebizitza babestu ditu martxan, dagoeneko eraikitakoei eta plangintzan daudenei gehituta 1.300 izatera irits daitezkeenak". Gaineratu duenez, "beste 1.400 etxebizitza daude Bilboko hainbat puntutan, hala nola Boluetan, Otxarkoagan, Txurdinagan eta Peñascalen, herritarrek etxebizitza duina eskuratzeko dugun konpromisoa sendotuz". Biekin, beraz, "2.700 etxebizitza lor ditzakegu hiri honetan", azpimarratu du Itxasok.
Proiektuaren ezaugarriak
Salmentan dauden 120 BOEren sustapenak 2 logelako 53 etxebizitza ditu, horietatik 5 mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak, eta hiru logelako 67 etxebizitza. Halaber, guztiek terraza eta esekilekua dituzte fatxadan. 14.290.821,78 euroko Kontraturako Gauzatze materialaren Aurrekontuarekin, Construcciones Amenabar izan da eraikuntzaz arduratu den enpresa, eta AGVAR-Aguilar y Varona, proiektua idatzi duen taldea.
Deusto Bekoa barrutiko DB-2 lurzatian dago, eta kalitate handiko konfigurazio arkitektonikoa duten bi etxebizitza-bloke hartzen ditu bere baitan. Diseinuari eta iraunkortasunari dagokienez, eraikuntzak estalkietan plaka zeramikoak eta panel fotovoltaikoak dituzten fatxada aireztatuak ditu, eraginkortasun energetikoa eta jasangarritasuna bermatuz. Gainera, berokuntza eta ur bero sanitarioko sistemak errendimendu handiko kondentsazio teknologia, aerotermia eta energia fotovoltaikoa uztartzen ditu autokontsumoko modalitatean.
Eraikinaren azpiegiturari dagokionez, proiektuak beheko solairua eta goiko 8 solairu ditu bi blokeetan. DB-2.1 blokeak lauki zuzen formako atari bakarra du (10. zenbakia); DB-2.2 blokeak, berriz, H formako atari bat eta bi eskailera ditu (8A eta 8B zenbakiak). Babes ofizialeko 120 etxebizitza egiteko programa aparkalekua duten sotoko hiru solairutan (sarbidea Ballets Olaeta kaletik egiten da), trastelekuetan eta IMQ Zorrotzaurre klinikari lotutako ekipamendu sanitarioko lokal batean garatzen da, baita gune komunetan ere, hala nola bizikleta-geletan. Zentzu horretan, Itxasok Zorrotzaurreko ingurunearen eraldaketa azpimarratu du, hiri-berroneratze iraunkorraren adibide bihurtu dena: "Proiektu honek etxebizitza eskuragarrien beharrari erantzuteaz gain, Bilboren garapen orekatu eta modernoari ere laguntzen dio, hiri berritzaile eta sozialki konprometitu gisa duen nortasuna indartuz".
Sustapen horrekin, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du etxebizitza eskuratzeko erraztasunaren aldeko apustua, bizi-kalitatea, iraunkortasuna eta hiri-ingurunean integratzea lehenesten duten proiektuen bidez.