Bilatu
 
Bilatu
 

Hizkuntza:

ARRAKASTA SAN INAZIOKO ZUBIAREN KARGA-PROBAN

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari atxikitako Visesa sozietate publikoa arduratu da San Inazioko zubia eraikitzeaz. Zorrotzaurreko bigarren lotura izango da eta Bilboko izen bereko auzoa lotuko du uhartearekin.

ARRAKASTA SAN INAZIOKO ZUBIAREN KARGA-PROBAN

Gaur burutu dira, arrakasta osoz, karga estatikoaren eta dinamikoaren probak zubia behar bezala egin dela egiaztatzeko. Horretarako, 40 tonako 12 kamioiko "karga-trena" erabili dute, eta mugimenduak 14 sentsorerekin erregistratu dituzte.

Gaur, uztailak 7, asteartea, San Inazioko zubiaren portaera zuzena egiaztatu da, dagokion karga-probaren bidez. Proba hori eta zenbait administrazio-izapide Visesak Zubia Bilboko Udalari eman aurreko azken lanak izango dira, eta nahitaez egin beharrekoak dira azpiegitura abian jarri aurretik.

KARGA-PROBA

Proban ibilgailu astunak erabili dira zubiaren benetako mugimenduak eta eredu teorikora egokitzen diren egiaztatzeko. Bi egiaztapen egin dira: estatikoa eta dinamikoa.

  • Karga estatikoaren proba: zubiaren mugimendua erregistratu da karga-egoeren lau konbinaziotan. Taularen gainean aparkatutako kamioiak erabiliz, "karga-trena" izenekoa, eragin dira karga-egoerak. Karga handieneko konbinazioan 12 kamioi erabili dira, bakoitza 40 tonakoa.

  • Karga dinamikoaren proba: zubiak kamioi bat igarotzean duen portaera neurtu da. Kamioia abiadura motelean, ertainean eta azkarrean igarotzea neurtu da (5, 30 eta 60 km/h).

Mugimenduak 14 sentsore estentsometrotan, klinometroetan eta tenperatura-sentsoreetan erregistratu dira. Gailu horiek zubiaren, arkuen eta nerbioen egituran zehar kokatu dira eta neurketak 5 topografia-ekipamenduren bidez egin dira. Horien bidez, joan-etorriak, birak eta tenperatura neur daitezke egiturazko elementuek proban zehar izandako tentsioa kuantifikatzeko.

Emaitzak onak izan dira eta aztertutako mugimenduak espero zen maila teorikoaren balioen barruan gertatu dira; horrenbestez, proba arrakastaz amaitu ahal izan da.

Zubiaren obra, beraz, amaituta dago azken erremateen faltan. Administrazio-izapideak bete eta udazkenean Bilboko Udalari entregatu ondoren, zubia irekita egongo da uharteko urbanizazio-obrei zerbitzua emateko, eta aldi baterako itxita egongo da pertsonen zein ibilgailuen zirkulaziorako.

Euskadi, auzolana