Bilatu
 
Bilatu
 

Hizkuntza:

2019KO KLIMAREN GAILURRA - COP25 209 MADRIL

Argitalpen-data: 

VISESAk, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren sozietate publikoak, zuzendutako Koroatze auzoko birgaikuntza energetikoaren proiektua Madrilgo Klimaren Gailurrean aurkeztuko da.

Atzo hasi zen 2019ko Klimaren Gailurra Madrilen. Mundu osoko 200 herrialdetako ordezkari eta aktibista ospetsuak bertan izango dira. Gailur honetatik atera beharko dira egungo krisi klimatikoari aurre egiteko gidalerroak.

Aldaketa Klimatikoari buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmenaren 25. Konferentzia abenduaren 2tik 13ra bitartean egingo da Madrilen. IFEMA bi gunetan banatuko da: batean, negoziazio-saio guztiak egingo dira, besteak beste, Kyotoko Protokoloaren hamabosgarren bilera; beste eremua, aldiz, herritarrei irekita egongo da, parte hartzea sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 10ean, Tecnaliak (proiektu europarraren koordinatzailea den aldetik) Smartencity proiektua aurkeztuko du munduko foro honetan. Proiektu horren baitan, VISESA Gasteizko Koroatze auzoko birgaikuntza-energetikoa burutzen ari da. Ekimen hori Europako Batzordeko Horizonte 2020 I+G+b esparru-programaren “Karbono gutxiko hiri adimendunen estrategia” programa europarraren baitan dago. Testuinguru horretan, Gasteizek “faro-hiri” izan nahi du eta eraginkortasun energetikoari, mugikortasun jasangarriari eta informazio- eta komunikazio-teknologien (IKTak) erabilerari loturiko konponbideak modu integratuan aplikatzeko asmoa du, pertsonen bizi-kalitatea hobetze aldera.  Era berean, mota honetako proiektuek helburu hau dute: Gasteiz hiriburu berdea izatetik karbonoan neutro den hiri izatera iristea.

Gasteizez gain, Tartu (Estonia), Sonderborg (Danimarka), Lecce (Italia) eta Asenovgrad (Bulgaria) hiriak ere antzeko xedeak dituzten jarduketak garatzeko proposamenaren zati dira. Horietan guztietan, faro-hirietako proiektuen gaitasuna –beste toki batean erabiltzeko eta egokitzeko– aztertuko da.

VISESA, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren sozietate publikoa, 668 etxebizitza eta baliokideren birgaikuntza energetikoa burutzen ari da Koroatze auzoan.

Lehenengo bi atarietan, hau da, Eulogio Serdán kaleko 4. eta 8. zenbakietako 24 etxebizitzetan, dagoeneko amaitu egin dira lanak. Bigarren faseari dagozkion bederatzi atarietako (98 etxebizitza) lanak egikaritze-fasean dira eta 2020ko apirilean amaituko direla aurreikusi da. Bestalde, hirugarren faseko 92 etxebizitzak (zortzi atari) birgaitzeko obrak dagoeneko lizitatuta daude eta lanak 2020. urtean zehar hastea aurreikusita dago. Horrenbestez, 2020. urteko laugarren hiruhilekoan edo 2021eko lehenengo hiruhilekoan amaituko dira.

Azkenik, laugarren fasea, 98 etxebizitza (8 atari) hartuko dituena, 2019ko abenduan lizitatuko da. Obrak 2020. urtean zehar hasiko dira eta 2021. urtean amaituko.

Bestalde, birgaitutako etxebizitzen fakturak aztertu ostean eskuratu ditugun lehenengo datuei dagokienez, 2019an gas naturalaren kontsumoa % 63 jaitsi da, aurreko urteetako datuekin alderatuta. Era berean, bizilagunak pozik agertu dira etxebizitzako tenperatura egonkortasuna eta erosotasuna hobetu egin direlako.

Euskadi, auzolana