San Inazio eta Deusturen aurrean, Nerbioi ibaiaren eta Deustuko kanalaren artean kokatuta dagoen Zorrotzaurre auzoa Bilboko proiekturik asmo handienetako eta ezagunenetako bat da. Zorrotzaurre eremua diseinatzeko ardatza bikoitza izan da: alde batetik, iraunkortasuna, Zaha Hadid arkitekto anglo-irakiarrak egin zuen lehenengo Master Planaren oinarria, eta bestaldetik, dagoen hiria berrerabiltzea eta Bilboko gune andeatua biziberritzea, gainerako auzoekin ondo lotutako auzo berri bihurtzeko. 2004an egindako eta 2007an berrikusitako Master Planak Deustuko ubidea erabat irekitzea aurreikusten du, hau da, Zorrotzaurre erdiuhartea irla bihurtuko da, gunea urpean gelditzea saihesteko.

Zorrotzaurre diseinatzeko orduan, beharrezko erabilerak eta dentsitatea hartu dira kontuan, hiri-garapen trinkoa eta mugikortasun jasangarria lortzeko. Uhartean bertan, bi auzo buruaski egongo dira, bat mutur bakoitzean. Bietan, era guztietako jarduerak garatuko dira: etxebizitzak, saltegiak, bulegoak, ekipamendu publikoak, aisialdi-guneak eta abar. Zorrotzaurre berriaren bi herenek (eremu mistoa) erabilera publikoa izango dute: 155.893 metro karratuko espazio libre eta 84.936 metro karratu zuzkidura publikoetako lursail. Bertan, hezkuntza, osasuna, kirolak eta kulturaren arloko ekipamenduak egingo dira. Era berean, eraikitako 201.360 metro karratu jarduera ekonomikoak garatzeko bideratuko dira.

Planak 5.474 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du; horietako erdiak babes publikoko araubidekoak izango dira (1.371 babes ofizialeko etxebizitza eta 1.376 etxebizitza tasatu).

Zorrotzaurreko plana bi zatitan banatu da (1. eta 2. Jarduketa Integratua); halaber, 1. Jarduketa Integratua bi zatitan banatu da (1. eta 2. Egikaritze Unitatea), faseka garatzeko asmoz. UE-1 egikaritze-unitateak, garatuko den lehenengoak, guztira 389.654 metro karratuko azalera du: horietako 116.904 m2 hirugarren sektoreko erabilerara bideratuko dira, 21.104 m2 ekipamendu pribatuak jartzeko, 31.557 m2 erabilera komertzialerako eta 11.804 m2 ekoizpen-erabilerarako. Era berean, eremu horretan 3.024 etxebizitza eraikiko dira, horietako 1.537 babes publikoko araubidean sustatuko dira (732 babes ofizialeko etxebizitza eta 805 etxebizitza tasatu); gainerako 1.487 libreak izango dira. Egikaritze-unitateko etxebizitza babestuak honela daude banatuta: 322 Visesak (Etxebizitza Sailaren sozietate publikoa) sustatuko ditu, 27 Eusko Jaurlaritzak, 435 Bilboko Udalak eta 723 gainerako jabeek.

Informazio gehiago: www.zorrotzaurre.com.

Beste Proiektu haundiak

Euskadi, auzolana