AZEB metodologiari esker dagoeneko posible da Ia Energiarik Kontsumitzen Ez duten Eraikinak modu eskuragarrian eraikitzea

Argitalpen-data: 

Gaur egun, Ia Energiarik Kontsumitzen Ez duten Eraikinek (ingelesez: nZEB) eraikin arruntek baino kostu handiagoa izaten dute hasieran, eraikin horien tipologia dela eta. Langa hori erraz gaindituko genuke eraikuntza mota horiek eskuragarriagoak izango balira erakunde sustatzaileentzat, eraikuntza-enpresentzat eta bezeroentzat. Horrela, gainera, eraikinen energia-eraginkortasunari buruzko Zuzentarau Europarra (EPBD: Energy Performance of Buildings Directive) lehenago ezarriko genuke.

AZEB campaign

Nola lor dezakegu helburu hori modu eskuragarri batean? Erantzuna AZEB bide-orrian dugu, Ia Energiarik Kontsumitzen Ez duten Eraikinen metodologia garatzeko interesa duten eragile guztiek erabil dezaketena. OHLren, TECNALIAren eta VISESAren parte hartzeari esker, AZEB (Affordable Zero Energy Buildings – Ia Energiarik Kontsumitzen Ez duten Eraikinak arrazoizko prezioan) proiektu europarrak oihartzuna izango du Espainian. Europan, sei herrialdetako zortzi erakundek parte hartu dute proiektuan.

AZEB metodologiari esker, ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinak diseinatzeko, eraikitzeko eta erabiltzeko irtenbideak antolatu egin dira, hartara, adituen nahiz erabakiak hartzen dituztenen lana errazteko asmoz. AZEB metodologiak 27 pauso barne hartzen ditu. Pauso bakoitzaren baitan ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinen proiektu bat aurrera eramateko jarduerak edota erabaki garrantzitsuak eta bakanak jaso dira. Eraikuntza-proiektu guztietan jarraitu ohi diren lau fase nagusietan antolatuta daude: sorkuntza, diseinua, eraikuntza eta erabilera eta mantentze-lana. Pauso gehienak euren artean lotuta daude eta elkarren menpekoak dira. Ematen diren irtenbide teknikoak ez dira soilik teknikoak, beste ezagutza-arlo batzuetan oinarritzen dira, esaterako, finantzen, kontratazioaren edo prozesu-kudeaketaren arloan. AZEB

“Bezeroaren bidea” batera ibiliz

AZEB ikuspuntuaren funtsak honako hau du oinarri: proiektuaren hasiera-hasieratik profesional guztiek ahal beste fasetan parte har dezaten lortzea; horrela, diziplina anitzeko lantalde bat eta prozesu integral bat lortzeko. Ia energiarik kontsumitzen ez duen eraikin bat soilik izango da eskuragarria diziplina anitzeko lantalde horrek “bezeroaren bidea” ibiltzen baldin badu eta erronka guztiei aurre egiteko irtenbideak eta erabakiak taldean hartzen baditu. Bide horretan eman beharreko pauso bakoitzaren ekarpenak eta emaitzak, baita aplikatu beharreko metodoak eta tresnak ere, AZEBen webgunean daude (www.azeb.eu). AZEB Metodologiaren lehenengo bertsioa dagoeneko eskuragarri dago ingelesez.

Ezagutza ezaguna, metodo berria

Europar Batasunaren erronka honako hau da: 2020. urtetik aurrera energia estandar altuak dituzten eraikinak eraikitzea modu eskuragarrian. Asmo hori xede izanik, AZEB (Affordable Zero Energy Buildings – Ia Energiarik Kontsumitzen Ez duten Eraikinak arrazoizko prezioan) proiektu europarrak metodologia integratu bat garatzeari ekin zion 2017an. Eskuragarri zegoen ezagutza (teknikoa eta ez-teknikoa) jaso eta metodologia berri batean bildu zuen, Europako zona klimatiko eta kultura desberdinetan erabili ahal izateko modukoa.

Ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinak arrazoizko prezioan lortzeko planteamendua

AZEB Metodologiaren pausoetako batzuk ezagunak izan ditzakegu, ohiko proiektuetan erabiltzen direlako, baina AZEB metodologiak pauso horiek aplikatzeko beste modu batzuk proposatzen ditu, sustapen- edo eraikuntza-faseetan erabili ohi ditugunen ez bezalakoak. AZEB metodologiak eraikuntza-proiektu batean jarraitu ohi diren pausoak eta jarduerak jarraitzen ditu, baina ia energiarik kontsumitzen ez duen eraikin bat arrazoizko prezioan lortzeko ikuspuntutik abiatuta.

Mapa, iparrorratza eta motxila: AZEB metodoa iparrorratz bat da, AZEB bat (ia energiarik kontsumitzen ez duen eraikin bat arrazoizko prezioan) zer den argi uzten duten adierazleekin. 27 mugarri dituen bide-orratz bat da, rol bakoitzeko jarduera espezifikoen ikuspegi orokorrak biltzen dituen ibilbide pertsonal bat da, eta ezagutza, gaitasun eta tresna erabilgarriak jasotzen dituen motxila bat, bidean zehar (jarduera edo pauso bakoitzean) erabiltzekoa.

Presentzia foroetan eta AZEB tailerren antolaketa

AZEB proiektuaren azken hilabeteetan, nagusiki, AZEB metodologiaren azken bertsioa definituko dugu, baita sektoreko hainbat forotan zabaldu eta ezagutzera eman ere. Helburu hori lortzeko, proiektuaren partzuergoak prestakuntza-material ugari sortu du, webguneko e-learning atalean eskuragarri egongo dena. Horrez gain, proiektuaren emaitzak ezagutzera emateko ekitaldietara bazkideak ere bertaratuko dira eta metodologiari buruzko prestakuntza eskaintzeko tailer espezifikoak antolatuko dira.

HORIZON 2020 programa

AZEB proiektu europarrak Europar Batasuneko Horizon 2020 izeneko ikerkuntza eta berrikuntza programaren diru-laguntza jaso du, 754174 zenbakidun diru-laguntza erabakiaren bidez.

AZEB eta VISESAri buruz

Euskadiko Etxebizitza eta Lurra EA sozietateak (VISESA) AZEB Affordable Zero Energy Buildings proiektu europarraren partzuergoan parte hartzen du. Espainia, Italia, Bulgaria, Alemania, Frantzia eta Herbehereetako zortzi kidek elkarren artean lan egingo dute 2020. urtearen erdialdera arte, ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinen kostuak murrizteko metodologia bat garatzeko. Informazio gehiago jasotzeko, sar zaitez www.azeb.eu webgunean.

Euskadi, auzolana