Auzitegi Gorenak gaitzetsi egin du sozietate batek Boluetako lursailen titulartasunari buruz aurkeztutako erreklamazioa

Argitalpen-data: 

Auzitegi Goreneko arlo zibileko salak eman duen autoaren bidez, ez da onartu Bacunayagua SL sozietateak Bizkaiko probintzia auzitegiaren 2017ko apirilaren 12ko epaiaren aurka aurkeztutako arau-hauste prozesalaren ondoriozko eta kasazioko errekurtsoa.

Epai horrek sozietateak aurkeztutako apelazio-errekurtsoa gaitzetsi zuen. Horiek horrela, Auzitegi Gorenak adierazi du Bilboko lehen auzialdiko 4. epaitegiak bere garaian emandako epaia irmoa dela. Epai horrek Bacunayagua sozietatearen asmoak baztertu zituen eta sozietatea kostuak ordaintzera berariaz kondenatu zuen.

Auzitegi Gorenak eman duen epaiaren aurka ezin da errekurtsorik jarri. Beraz, amaiera eman zaio NEINOR eta VISESAren aurka 2011ko abuztuaren 3an hasitako prozesu judizialari, geroago VALLEHERMOSO, ORUBIDE eta SIDENOR enpresetara ere zabaldu zena. Prozesu horretan, auzi-jartzaileak Boluetako 6.425,98 m2-ko lursail zati baten titularra zela baieztatu zuen. Orube horren gainean 171 etxebizitza eraiki dira, sozialak eta babes ofizialekoak. Bai lehen auzialdiko epaitegiak, bai probintzia auzitegiak demanda gaitzetsi egin zuten; izan ere, probintzia auzitegiaren epaiak dioen bezala, “ez da adierazi lursaila zer tituluren bidez eskuratu zen, ezta data edo eskualdatzailea aipatu ere; halaber, ez da transmititutako lursaila identifikatu, ez katastroaren bidez ezta erregistroaren bidez ere…”.

Denbora guzti honetan, enpresa demandatuek bere gain hartu behar izan dute Boluetako birpartzelazio-proiektuaren ondorioz Bilboko Udalak exigitutako bermeak eratzearen eta mantentzearen kostu finantzarioa, 240.000 euro baino gehiagokoa. Gainera, etekin ekonomikoak eskuratzeko asmoarekin presioa egiteko sortutako kanpaina mediatiko bati aurre egin behar izan diote, baina, frogatuta geratu den bezala, kanpaina horrek ez zeukan inolako funtsik.

Euskadi, auzolana